Baso Eskolaren berri, Alegian eta Tolosan

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 28a, 12:10

Orendaingo Baso Eskolako kideak proiektuaren berri eman eta jendeak izena emateko aukera izateko Alegian eta Tolosan izango dira.

Zehazki, Alegiako plazan, bihar, 18:00etatik 19:00etara, eta Tolosako Trianguloa plazan, etzi, 11:00etatik 12:30era egongo dira. Asmoa da Baso Eskolaren inguruan informazioa eskaintzea, eta, bestetik, konpromiso zehatza jasotzea. Proiektua arlo pedagogikoan garatzen diharduen Itziar Claver irakasleak azaldu duenez, «alde batetik, 3 eta 6 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoak bertara hurbildu eta asmoa izango balute proiektuan parte hartzeko, izena eman ahal izateko aukera ematea da ekimen honen helburua. Bestetik, esan, ez duela bakarrik adin tarte horretarako izan behar, seme-alaba txikiagoak dituztenak ere, edo etorkizunean proiektuan parte hartzeko asmoa badute, konpromiso hori ere eman dezakete». Baso Eskola datorren ikasturtean martxan jarri nahi dute Orendainen, eta horregatik jakin nahi dute zenbat familia dauden prest parte hartu eta bere seme-alabak bertara eramateko.

Arlo pedagogikoaren aldetik, Baso Eskola nola den azaldu du Claverrek: «Izenak dioen moduan, naturarekin eta ingurunearekin harreman zuzena duen eskola eredua da. Egunero haurrak basora doaz. Haurrak protagonista diren hezkuntza eredua da, beraiek dira beraien bidea markatu behar dutenak. Eta heldua hor dago ziurtasuna eta konfiantza eskaintzen, etengabeko hausnarketa burutzen, lekuak aurreikusi eta prestatzen, eta haurraren ondoan, bere bidelagun. Jolas librean oinarritutako hezkuntza da, uste baitugu hori dela bidea benetako ikaskuntza esanguratsuak lortzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!