Euskal Herriko Mus Txapelketako azken kanporaketak eskualdean

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 27a, 12:47

Ikaztegietan jokatutako kanporaketaren une bat.

Alegian jokatuko den Gipuzkoako finalaren aurretik zenbait herritan kanporaketak egingo dira, tartean Tolosaldean.

Euskal Herriko Mus Txapelketa aurrera doa eta eskualdeko azken herri kanporaketak jokatuko dira ostiral eta larunbat honetan. Hain justu, azkeneko herriak Albiztur, Altzo, Tolosa, Amasa-Villabona eta Orendain dira.

Aurreko asteburuan ere hainbat kanporaketa jokatu ziren: Amezketako Ugarten, Berastegi, Larraul, Ikaztegieta, Alegia eta Lizartza. Azaroan Adunan egin zen lehenengo kanporaketa eta hortik aurrera eskualdeko herri gehienetan egin dira mus txapelketak.

Asteburu honetako kanporaketa batan parte hartu nahi duenak, hasiera ordua baino lehenago agertu behar du txapelketa egingo den lekura. Izena ematearekin batera 20 euro ordaindu behar ditu bikote bakoitzak, eta parte hartze hutsarekin ardo botila bana jasotzen du muslari bakoitzak. Kanporaketa horietako aurrenekoak Gipuzkoako finalera sailkatuko dira. Sailkatzen diren bikote kopurua kanporaketan parte hartzen dutenen arabera izaten da.

Gipuzkoako finala, iaz bezala, Alegian jokatuko da. Antolakuntzan aritzen den Iñaki Aristetak azaldu duenez, «iruditu zitzaigun leku egokia zela eta Alegiako herritarrak eta udala oso jator portatu ziren. Garraio publikoa erabiltzeko aukera zabala dago ere». Otsailaren 20ean izango da finala, kultur etxean, eta 15:00etan hasiko da. 120 bikote inguru izango dira bertan. Herrialdeko finaletik final handira, Euskal Herrikora, 32 bikote sailkatuko dira. Aurten Zuberoan egingo da final hori, Mauletik gertu dagoen Urdiñarbe herrian, hain justu.

Parte hartzeari dagokionez, bi mila bikote ariko dira parte hartzen txapelketa osoan. «Iazko antzeko kopuruekin dabil», esan du Aristetak. «Hasieran pixka bat baxuago hasi zen, eta pixkana handitzen joan da. Zortzigarren Euskal Herriko txapelketa da hau, eta esan daiteke parte hartze kopurua egonkortzen ari dela».

KANPORAKETAK

Urtarrilak 29, ostirala

Albiztur
20:00. Herriko ostatuan.

Altzo
21:00. Elordi elkartean.

Tolosa
22:00. Oargi elkartean.

Urtarrilak 30, larunbata

Amasa-Villabona
16:00. Villabonako kultur etxean.

Orendain
16:00. Herriko ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!