Hemen da eskualdeko bertsozaleen zita

Ataria 2016ko urtarrilaren 13a

Salgai daude dagoeneko Ataria bertso jaialdirako sarrerak ohiko tokietan hamar eurotan

TOLOSALDEKO ATARIA-k sorreratik zita du urtarrilean bere Atarikideekin. Hau da, Txolarre irratiak ospatzen zuen bertso jaialdiaren lekukoa hartu zuenetik. Eta, horrenbestez bertsozale ororen egitarauan falta barik bete beharreko zita da urtarrilekoa.

Aurtengoa urtarrilaren 23an ospatuko da, hain zuzen ere, larunbatean, Tolosako Leidor aretoan, ohiko taula gainean. Gai jartzaile lanetan ere, ohiko gidaria izango da buru: Amaia Agirre. Bertsolariei bete beharreko lanak eskatzen eta ahalik eta zukurik mamitsuena ateraz.

Bere aginduetara kantuan ariko den seikotea ondorengo punta-puntako bertsolariek osatuko dute: Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Unai Mendizabal Mendi, Harituzeko kidea.

Izan ere, Harituz, eskualdeko bertsozale taldeak oraingoan ATARIA-ri lagunduz saioaren antolatzaile lanetan dihardu.

BERTSO JAIALDIA

URTARRILAK 23, LARUNBATA

18:00. Tolosako Leidor antzokian egingo da Ataria Bertso Jaialdia 2016.
Bertsolariak: Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Unai Mendizabal.
Gai jartzailea: Amaia Agirre.
Sarrerak salgai: Tolosan (Raku, Orbela eta Kantabriko tabernetan), Alegian (Route 33), Amasa-Villabonan (Amasa kafetegia), Zizurkilen (Iriarte) eta Ibarran (Zubiaurre). Prezioa, 10 euro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!