Trenaren erritmora

Anjel Cuerdo 2016ko urt. 9a, 17:00

Hegazkinez, autoz, bizikletaz, oinez, karabanarekin... asko dira aukerak edo moduak. Anjel Cuerdo bidaiari tolosarrak trenez bidaiatzeko hainbat proposamen egin dizkigu. Zergatik trena? Bidaiatzeko modu berezia eskaintzen duelako, erritmo lasaiagoan, eta, bide batez, bidaialagunak egiteko aukera ere badelako.

Gainerako ibilgailuekin alderatuta, beste patxada batean eta lasaitasun handiagoarekin bidaiatzea ahalbidetzen du trenak. Trenean sartu, eta bere erritmo lasaira egokitzen zara, gaur egun hainbeste entzuten ditugun abiadura handiko tren horietatik urrun. Poliki-poliki zure bagoitxoan egokitu zaizkizun kideekin begiradak trukatzen hasten zara, zenbait esaldi gero, eta azkenerako bidaialagun bilakatzen dira. Irakurketarako denbora ere baliatu dezakezu, eta baita, leihotik begira ikuspegiez gozatzeko ere. Trenez bidaiatzea, beraz, aukera ezinhobea da.

Asko dira, batzuk besteak baino erabiliagoak edota ezagunago zaizkigunak, Transiberianoa, kasu. Moskun edo Vladivostoken har dezakezu trena, eta hiri batetik besterako bidaia egin dezakezu. Ibilbide honek, era berean, baditu beste adar batzuk, Transmongolianoa, esaterako. Baikal lakuaren inguruan desberdintzen da sarea, eta Ulan Batorreraino doa. Nahi izanez gero, bertatik Pekinera joateko aukera ere badago, gainera. Asia ia osoa zeharkatzea eskaintzen du tren honek. Uztailean egitea proposatzen dut. Horrela egin nuen nik 2004. urtean. Moskura hegazkinez joan nintzen bidaia hartan, eta han egun batzuk pasa ostean, trena hartu eta Ulan Batorreraino joan nintzen. Bost eguneko iraupeneko esperientzia oso aberatsa izan zen. Ulan Batorrera, Mongoliara, iristean, uztaileko lehen egunetan ospatzen duten Naadam izeneko bertako festa nagusiaz gozatu ahal izan nuen. Gomendagarria benetan. Behin han zarela, Pekineraino joatea bezala.

Poltsiko guztietara

Beste aukeren artean, Transasiatikoa aipatuko dugu. Istanbuletik Indiarako bidea egiten du. Lehenengo zatia Turkiatik barrena doa, ondoren, Iranen sartzen da, Pakistanera egiten du gero, eta handik, Indiara. Kontuan izan behar da, oraindik ez dagoela Transasiatikoaren ibilbide osoa amaituta.

Bidaia zoragarria da hau ere, hain turistikoa ez den trenean, jendearen joan-etorriarekin, sentitzeko eta bertako errealitatean murgiltzeko oso aukera polita eskaintzen duena.

Bestelakoa da Orient Express. Ekonomikoki agian ez hain atsegina, luxuzko bidaia bihurtu baita. Baina, aukera duenarentzat, ez da tren bidaia arrunt bat, historian murgiltzea eta hainbat nobelen gidari izan den trenean sartzea esan nahi baitu. Londresen edo Parisen hartu eta Istanbulerako bidaia egiten du Europa guztia zeharkatuz.

Agian aukera errealistagoa, eta gertukoagoa, bai gazte eta helduentzat, bai eta familian joateko ere, Interaila da. Europako trenbide sarea lotzen duen tren bidaia da. Astebeterako, bi edo hiru asterako nahiz hilabete bateko iraupeneko txartela har daiteke, eta baita zonaldeka ere. Gainera, gurasoekin doazen hamabi urtetik beherako gaztetxoek ez dute ordaintzen, horregatik aukera polita da familian egiteko.

Eta Indian egin daitekeen tren bidaia ere ez nuke aipatu gabe utzi nahi. Ingeles kolonia izan zen garaian trenbide sare oso zabala sortu zuten, eta bertan bidaiatzea esperientzia zoragarria da.

Zu bidaiaren protagonista

Trenez bidaiatzea nahiko erraza da, eta autogestiorako aukera ematen du. Tren geltokiaren inguruan ziur hoteltxoren bat topatuko dugula edota taxiren bat inguruko lotokiren batetara eramango gaituena. Tren geltokiek ere eskaintzen dute babesa, eta beste bidaiariekin topo egiteko aukera. Hiri edo gune esanguratsuetatik nahiko esanguratsuetara eramango gaitu trenak. Sare garrantzitsuek gunetik gunerako saltoa egiten dute, eta bidaia denboraz egiten badugu, gune batean eta bestean geratzeko aukera ematen du, norbere gustura, eta norbera bidaiaren protagonista bihurtuz.

Eta aipatu bezala, beste bidaiariekin harremana egiteko aukera ere eskaintzen du. Hasierako begirada lotsati horiek berehala bihurtzen dira harreman. Ohiko galderak egiten hasi eta denborarekin, beste elkarrizketa mota batzuetara pasatzen gara, hizkuntzaren muga hori oso modu politean gaindituz. Une bereziak sortzen dira, beraz, beste ibilgailu mota batzuekin sortzen ez direnak.

Guztientzako moduko bidaiak antolatu daitezke trenez. Hemendik Pekinerako bidaia ziur hegazkinez baino merkeago egin daitekeela trenez joanda. Hori bai, denbora gehiago beharko duzu trenez joaten bazara. Baina, bidaian garrantzitsuena ez bada jomuga eta bai ordea bizipenak eta esperientzia aberatsak, orduan, trenez egindako bidaia aukeratuko dugu. La edad de oro del viaje en tren liburua gomendatzen dut, hauek eta beste hainbat aukera aipatzen dira bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!