Desioak ez daitezela ibai ertzean gelditu

Ataria 2016ko urtarrilaren 3a

Gure Esku Dagok antolatuta, urte berrirako desioak askatu zituzten abenduaren 31n dozenaka herritarrek Tolosan, Lizartzan, eta Villabona eta Zizurkil artean.

Tolosan, jende ugari bildu zen Oria Ibaiaren ertzean, ametsen eta desioen kriseiluan uretan askatzeko. Urak, ordea, nekez eraman zituen aurrerantz kriseiluak. Lan horretan ezinbesteko izan ziren TAKeko arraunlariak. Desioek, ordea, ilusio ugari sortu zuten. Ez daitezela ibai ertzean gelditu.

Amasa-Villabonan, berriz, kriseiluak aireratzeari uko egin behar izan zioten, sute arriskua zela-eta. Horren ordez, mugikorretako linternak atera eta Zizurkil eta Villabona lotzen dituzten bi zubiak inguratu zituzten, argiz. ERABAKIA irakur zitekeen giza-kate horren erdian. Lizartzan ere mosaikoa egin zuten kandelekin, 2016rako desio batekin: GALDEKETA.

Urte berri "garrantzitsua"

2015. urtea "emankorra" izan dela azaldu du Tolosako Gure Esku Dagok: "Oihalak ehundu ditugu, borondatea, ilusioa, erabakia... Ez da makala elkarrekin egin dugun bidea. Baina helburu bat dugu: bat eta bakarra. Euskal herritarron erabakitzeko eskubidea gauzatzea".

2016a, berriz, urte "garrantzitsua" izango dela aitortu du, ez ordea, herritarren laguntzarik gabe: "Gaur gure desioa den hori bihar gauzatu dadin, herritarron nahia osagai ezinbestekoa da; geroz eta gehiago. Indarrak batu behar ditugu erabakitzeko eskubidearen alde".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!