Zizurkil eta Villabona artean egingo dute manifestazio isila

Ataria 2015eko abenduaren 28a

Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udal ordezkariek deitu dute hilaren 31n, ostegunean, Aiztondon egingo den euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio isila.

Urteroko ohiturari jarraituz, Aiztondo bailarako herriek deituta presoen eskubideen alde, abenduaren 31n, manifestazio isila egingo da. Zizurkil, Asteasu, Aduna, Larraul eta Alkizako udal ordezkariek, «euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketak gaitzesten ditugu eta espainiar eta frantziar estatuei eskubide hauek bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela exijitzen diegu», adierazi dute.

Larraulgo eta Zizurkilgo ordezkariek irakurri duten testuan, «bada garaia herri honetan behin betiko konponbidea eta bakea eskuratzeko, baina hori ez da posible izango presoen eta beraien familia eta lagunen giza eskubideak urratzen dituzten kartzela politikak behin betiko amaitu gabe», nabarmendu dute.
Herritarrei dei egin nahi izan diete Zizurkil eta Villabona artean egingo den manifestazioan parte hartzeko. Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean, 19:00etan aterako da Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik, eta Villabonako Errebote plazan amituko da.

Azken orduan, Villabonako alkateak uko egin dio agerraldian parte hartzeari, eta baita manifestazio isilean parte hartzeari ere. Honenbestez Villabonako EAJren udal gobernua deialditik kanpo geratu dela argitu dute Aiztondo bailarako beste udal ordezkariek.

Espainiar eta frantziar gobernuei helarazi nahi dizkieten oinarrizko eskaeren artean daude: «Dispertsioarekin amaitzea, euskal presoak Euskal Herriratzea eta gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!