Tolosaldeko Sarek hainbat ekimen antolatu ditu Mugi daitezen harriak lelopean eta urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan antolatu diren mobilizazioei begira.
Ibarrak Nik ere jarriko dut ekimena abiatu du Sarek. Arlo ezberdinetan diharduten 50 ibartarrez osatutako kartela prestatu dute eta herrian zehar zabaldu. Preso eta iheslarien etxeratzea eskatzen duen banderola balkoietan jartzeko deialdia ere luzatu dute.
Gaur mobilizazioak egingo dira gure eskualdeko herrietan preso eta iheslarien eskubideen alde. Tolosan, 18:30ean Trianguloan bilduko dira eta Villabonan, berriz, Iru Aldeta paretik abiatuko da elkarretaratzea, 19:30ean, Hator, hator etxera lelopean.
Leaburuko plazan ere dispertsioarekin amaitzeko traba den harria mugituko da, gaur, 17:30ean herriko plazan.
Urtezahar egunean preso eta iheslarien ekimen gehiago burutuko dira gure eskualdean. Besteak beste, 19:00etan Ibarrako sarreratik autokarabana abiatuko da. Aiztondoko herriek elkarrekin Zizurkil eta Villabona artean manifestazioa egingo dute eta Altzon, 20:00etan plazan elkarretaratzea egingo dute.