A20 Hauteskundeak

Espainiako Gorteetarako emaitzak, herriz herri

Asier Imaz 2015ko abe. 20a, 21:04

Espainiako Gorteetarako 350 diputatu hautatuko dira gaur. Tolosaldeko emaitzak hemen:

 

Espainiako Gorteetarako eta Senaturako hauteskundeak ospatu ziren igandean Tolosaldean. EH Bildu izan zen indarrik bozkatuena, baina duela lau urte Amaiurrek lortu zituenak baino 4.000 boto gutxiago lortuta.  «Eskualdeak orokortasunetik ezberdina den errealitate bat erakutsi du», Eneko Maioz, Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariaren arabera. Hala ere, autokritika egin du, «Espainiari begirako hauteskundeak izan dira eta aldaketak irabazi du nabarmen. Guk ez dugu irakurketa hori egiten jakin».

36.202 pertsonek zuten Tolosaldeko 28 herrietan Gorteetarako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea eta %65 inguru gerturatu ziren bozkalekuetara botoa ematera. 2011ko hauteskundeekin alderatuta parte hartzea berdintsu mantendu da eskualdean, hautesle erroldan 400 pertsona gehiago zeudela kontuan hartuta.

Beraz, oraingo honetan, boto kopuru beretsua alderdi gehiagoren artean banatu da Tolosaldean. EH Bilduk botoetan izan duen galera bezainbestekoa ez, baina PSE-EEk eta PPk babes txikiagoa jaso dute Espainiako Kongresurako hauteskundeetan.

Bozen galera hori, neurri handi batean, Podemos-Ahal Duguren mesedetan joan da. 5.178 boto eskuratu baititu eskualdean. Aurtengo maiatzan ospatutako Foru hauteskundeetako emaitzak alderaketa egiteko oinarri hartuta, Podemosek hirukoiztu egin du orduan eskuratutako boto kopurua. Iñigo Cabieces, Tolosaldeko Ahal Duguko kidea da eta bere esanetan «txikitik handira egin du bidea gure alderdiak».

Tolosaldean hirugarren indarra da eta Pablo Iglesiasen alderdiak Hegoaldean jokoan ziren 23 eserlekuetatik zazpi eskuratu ditu; alderdi bozkatuena izan da: «Egin den kale lana ikusi dute herritarrek; hori da emaitzek erakusten duten irakurketa posible bakarra», nabarmendu du Cabiecesek.

Herri gehienetan, EH Bildu

Podemos-Ahal Duguk izan duen gorakadaren erakusgarri da, Tolosaldeko herri batean baino gehiagotan bigarren indar bihurtu dela. Anoetan edota Ibarran gertatu da hori.

EH Bildu izan da indarrik bozkatuena eskualdeko 28 herrietatik 25etan. Albizturren, Alkizan eta Tolosan EAJ izan da boto kopuru altuena lortu duen alderdia.

Tolosan, duela lau urteko emaitzak hobetu ditu alderdi jeltzaleak, baina maiatzean lortutako ia 9.000 botoetatik urrun geratu da. Olatz Peon alkateak emaitzen lehen irakurketa egin nahi izan du: «Azpimarratzekoa da alderdi berriek izan duten babesa, baita Tolosan ere. EAJk %13ko igoera izan du duela lau urteko emaitzekin alderatuta». Pozik agertu da Peon emaitzekin eta Tolosakoetan arreta jarrita nabarmendu du, «2011an Amaiurrek eta PSE-EEk lortu zituen botoak batuz gero, gaur EH Bilduk, PSE-EEk eta Podemosek elkarrekin jaso dituztenen berdinak dira».

Eserleku banaketa

Gipuzkoan Espainiako Gorteetarako sei diputatu erabakitzen dira hauteskundeetan. EAJk bi ordezkari izango ditu Kongresuan -Joseba Agirretxea eta Estibalitz Alkorta-, duela lau urte baino bat gehiago eta EH Bilduk ordezkaritza, hirutik bakarrera jaitsiko du: Marian Beitialarrangoitia arituko da diputatu gisa eta Rafa Larreina Kongresutik kanpora geratuko da. Podemos-Ahal dugu Gipuzkoan zerrendarik bozkatuena izan denez, bi diputatu izango ditugu Gorteetan: Nagua Alba eta Fernando Iglesias. Alderdi sozialistak, bukatzeko, Odon Elorza bidaliko du ordezkari gisa Madrilera.

Estatuko emaitzei begiratuta, PP izan da alderdirik bozkatuena eta 123 eserleku eskuratu ditu. PSOE izan da bigarren indarra, 90 diputaturekin. Podemosek 69 ordezkari lortu ditu Gorteetan eta Ciudadanos taldeak, berriz, 40. Kataluniako alderdiek, ERCk eta DLk, 9 eta 8 diputatu lortu dituzte, hurrenez hurren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!