Papergintzako langileak, greban

Ataria 2015ko aza. 27a, 13:26

Gipuzkoako papergintza sektorea greban da gaurtik abenduaren 4ra bitarte. Manifestazioa egin dute goizean Tolosan, lan hitzarmena babesteko.

Lan baldintzak babesteko borrokan daude Gipuzkoako papergintza enpresetako langileak. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak lan hitzarmena negoziatzen ari dira patronalarekin, baina adostasunik lortu ez dutenez grebara jo dute. Sei egunez egingo dituzte lanuzteak 1.200 langilek, tartean eskualdeko hiru enpresetakoak.

Gaur goizean 200 pertsona inguru bildu dira Tolosako kaleetan zehar egin dute manifestazioan. "Behartuta" atera direla azpimarratu dute langileek: "Erreforma laborala inposatu digute, lana gero eta prekarioagoa da, lantaldeak gero eta txikiagoak, azpikontratazioa hazten ari da, eta gainera, ADEGI borroka kriminalizatzen ari da".

Papergintzako langileek Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena "derrigor betetzea" nahi dute. Soldata igoera duinak -KPIa erreferentziatzat hartuta-, Nonstop akordioak derrigorrezkoak izatea, eta erreforma laborala enpresetatik kanpo uztea aldarrikatzen dute.

Era berean ADEGIri entzuteko eskatu diote langileek: "Ia langile guztiok egin dugu bat grebarekin, eta enpresariek kontutan izan beharko lukete hau".

Izan ere, eskualdeko bozketetan greba egitearen aldeko botoak nagusi izan dira, nabarmen:

  • Elduako Munksjö-n: 60 boto aldeko; ezezko 11; 3 zuri
  • Amezketako Aralar: 91 boto baiezko; aurkako 22; zurian 3
  • Zizurkilgo Oria: Aldeko 31 boto; ezezko 13; zuri 1

Protestekin jarraituko dute langileek. Bihar berriro ere Trianguloan elkartuko dira 11:00etan, elkarretaratze bat egiteko. Lanuzteen iraupena, berriz, honakoa da:

  • Gaurko 06:00etatik igandeko 22:00ak arte
  • Abenduaren 1eko 06:00etatik abenduaren 2ko 06:00ak arte
  • Abenduaren 3ko 06:00etatik abenduaren 4ko 22:00ak arte.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!