Parisko gertaerak salatzeko elkarretaratzeak

Jon Miranda Labaien / Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko azaroaren 16a

Bost minutuko elkarretaratze isilak egin dira eguerdian Amasa-Villabona eta Tolosako udaletxe atarietan

EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteak euskal gizartearen aldarriarekin bat egin nahi du, eta, "lehendakariaren deiari eutsita, udalei eskatu nahi die astelehenean, azaroak 16, eguerdiko 12:00etan bost minutuko gaitzespenerako kontzentrazio isilak antolatzeko instituzioen aurrean". EUDELek "erabateko irmotasunaz gaitzesten ditu Parisen gertatutako atentatu izugarriak". Era berean, biktimen senideei eta adiskideei ere elkartasuna adierazi die. 

Udalen Elkarteak egindako deiarekin bat egin dute Tolosako eta Amasa-Villabonako udalek eta hortaz, 12:00etan elkarretaratzeaz egin dituzte bi udaletxeen atarietan. Tolosako Plaza Zaharrera Olatz Peon alkatea, Nuria Carbonell, Jokin Azkue, Patxi Amantegi, Joseba Ormazabal, Inaki Irazabalbeitia eta Oskar Renedo zinegotziak bertaratu dira, eta baita hainbat herritar ere.

Amasa-Villabonan, bi adierazpen

Amasa-Villabonan deitutako elkarretaratze isilarekin bat egin dute herritarrek, udaleko hainbat langilek eta udal ordezkariek. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko zinegotziak bildu dira Errebote plazan.

Parisko gertakariak gaitzetsiz adierazpen instituzionala onartu du Amasa-Villabonako udal gobernuak eta hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko duela iragarri du Iban Agirre alkateak. EH Bilduko udal taldea saiatu da adierazpen bat adosten, baina azkenean bere irakurketa propioa egin nahi izan du ostiralean Frantziako hiriburuan gertatutakoaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!