- Lehenik eta behin gure samina adierazi nahi diegu Pariseko erasoetan hilik edo zauriturik izan diren herritarrei eta haien familiei. Horrekin batera gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Frantziako estatuko herritarrei une larri hauetan.
- Giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten dugu, eta horren alde lan egiten dugu eta borrokatzen dugu egunero, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak ditugun herrialde guztietan. Mundu osoan gertatutako giza eskubideen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkako eraso guztiak salatzen ditugu. Gertatzen ari dena guztiz larria da, gaur Sirian, atzo Parisen, herenegun Beiruten, Gazan egunero eta Iraken etengabe. Arazo politikoek irtenbide politikoak behar dituzte, ez inolaz ere heriotza gehiago.
- Zentzu horretan, Parisen gertatutako erasoaren erantzuna giza eskubideetan eta oinarrizko irizpide demokratikoetan oinarritu behar dela aldarrikatzen dugu. Populazio zibilak modu bidegabean pairatu duen eraso ankerraren erantzuna ezin da inola izan neurri eta izaera berekoa. Eskubideen murrizketan oinarritutako salbuespen legeek demokrazia ahultzen dute eta ez dute inoren segurtasuna bermatzen.
- Ez daitezela heriotza eta min hauek, pentsamendu edota sinesmen ezberdinak edota haien jarraitzaileak kriminalizatzeko erabili. Herritarren askatasunean oinarrituta beharko luke Europako gizarteak. Horrela, Europako agintariei dei egiten diegu, gerra eta samina eragiten duten estrategiak alboratu eta bakea eta bizikidetza oinarri dituen kultura politikoa sustatzeko. Ez dadila mina eta heriotza erabili posizio geo-estrategikoen mesedetan.
- Parisen bizi den sufrimendua ez da mundu osoan bizi diren gatazketan bizi denarekiko ezberdina. Horregatik, aldarrikatzen jarraitzen dugu inork ez dezala indarkeria erabili errugabeen aurka, inork ez ditzala armak saldu bere etekinak handitzeko, eta inoren Nazioarteko politikak ez ditzala gatazka gehiago eragin. Herri eta pertsona guztien askatasunak baino ez du lortuko mundu osoan ditugun gatazka lazgarri guztiak gainditzea.
Amasa Villabonan, 2015eko azaroaren 16an