Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Jexux Mari Irazu, txapelketatik kanpo

Jon Miranda Labaien 2015eko azaroaren 5a

Igandeko azken final laurdenean kantatuko dute eskualdeko beste hiru ordezkariek, Oihana Iguaranek, Unai Mendizabalek eta Mikel Artolak

Geroz eta estuagoa dago Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako galbahea. Final laurdenetan aritu diren 30 bertsolarietatik 18k baino ez dute aurrera egingo. Eskoriatzako azken saioaren faltan, dagoeneko, Jexux Mari Irazuk galdu ditu aukera guztiak final aurrekoetan kantatzeko.

Larrauldarrak 1995. urtetik beti kantatu izan du Gipuzkoako finalean eta txapeldunorde geratu zen urte hartan. 1997an izan zuen lehen Txapelketa Nagusia eta ordutik etenik gabe jardun du Euskal Herrikoan. Oraingo honetan, final laurdenetara pasatzea lortu ez duenez, Irazuk ez du Txapelketa Nagusirako sailkapena eskuratu.

Eskualdeko hiru Eskoriatzan

Urretxun lortu zituen 473,5 puntuak ez ditu nahikoak izan Irazuk sailkatzeko. Final aurrekoetan kantatu nahi badute hortik gora ibili beharko dute Oihana Iguaranek, Unai Mendizabalek eta Mikel Artolak. Unai Agirre, Beñat Lizaso eta Manu Goiogana izango dituzte alboan Eskoriatzako final laurdenean.

Tolosaldeko bertsolari batek, Beñat Iguaranek, dagoeneko lortua du final aurrekoetan aritzeko txartela.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!