«Euskararen inguruan modu positibo batean biltzeko aitzakia da Galtzakomik lehiaketa»

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 29a, 12:30

Galtzakomik komiki lehiaketaren edizio berri bat martxan da, eta Joseba Antxustegietxarte da antolatzaileetako bat. Komiki lehiaketan eskualdeko herritarrek «ondo» erantzuten dutela dio, eta horregatik komikigileei «burua astintzen» hastera animatu ditu zahar eta gazteak.

Nolatan sortu zen Galtzakomik lehiaketa?
Sorrera xumea izan daiteke neurri batean, eta erronka bat ere bada era berean. Ibarratik mundura zabaldu nahi dugu lehiaketa. Euskaraz gozatu eta komikiak egin nahi dituen edonorentzat, berdin du Altsasukoa, Barakaldokoa, Argentinakoa edo Zeelanda Berrikoa, guztientzat dago irekita lehiaketa. Marrazkigintza, komikigintza, arte mota bat da eta hori euskararekin lotzea du helburu. Bai marrazketak egiten dituztenentzako; eta baita bere inguruan bildu daitezkeen lagunek edo bestelako jendeak ere ikusi dezan zer dagoen. Denok euskararen inguruan modu positibo batean biltzeko aitzakia bat da.

Hori al da helburu nagusia?
Beste helburu batzuk egon daitezke. Azkenean, esaterako, komikigintzan dagoen jende bat ezagutaraztera ematen da. Horiek helburu luzeagoak eta zailagoak dira, baina hortxe daude. Euskaldunok gauza asko ditugu egiteko eta marrazkigintza beste bat da. Orain dela urte asko beste jende bat abiatu zen, eta orain jende gazteak ere bere bidea egin behar du, eta gu laguntzeko gaude. Ez dakigu lehiaketa formatua den egokiena, baina funtzionatzen duen eta jendeak gu indartzen gaituen bitartean, guk jarraituko dugu.

Zortzigarren edizioa da honakoa, jada finkatuta dago lehiaketa.
Bai. Beti gehiago nahi dugu eta finkatze hori hobeto egin nahiko genuke, baina guk uste dugu baietz. Komikiak egiten dituztenek badakite lehiaketa hau badagoela, eta zahar eta gazte horri begira daude. Kokatuta dago egutegian.

Gazteei komikigintzan laguntzeko balio al du?
Hori oso eztabaidagarria da. Lehiaketan behintzat gazteek parte hartzen dute, eta oso komiki onekin, gainera. Gero, lehiaketa formatua beti ez da hoberena, baina ari gara eta jarraituko dugu.

Lehenengo urte hartatik gaur egunera komikiak asko aldatu al dira?
Bai, bereziki gazte eta ez hain gazteetan teknologia nabarmentzen da. Photoshopa bezalako tresnak daude, jende batek kontrolatzen dituenak. Momentu jakin batean komiki bat edertu edo itsusitu dezaketenak. Etorri izan zaizkigu lanak komiki ortopedikoak egiteko programekin, baina horiek ez dira onartzen. Sormena ikusi behar da marrazkian eta hizkuntzan.

Lan kopuru handia jasotzen al duzue?
Nik uste 100-120 inguruan ibiltzen garela. Kopuru polita da. Kultur etxean erakusketa jartzerakoan nahikoa lan izaten dugu.

Eskertuko duzue Euskal Herri guztiko lanak jasotzea, ezta?
Asko eskertzen da. Azken finean jendeak Galtzakomik ezagutzen du eta Ibarran kokatuta dagoen arren, zabala dela ulertzen dute. Sekula entzun ez duenak herri batekin lotzeko arriskua dago, baina guk hori gainditua dugu.

Euskal komikigintza zein egoeratan aurkitzen dela esango zenuke?
Hortik bizi diren gutxientzat txukun joango da, eta hortik bizi nahi dutenentzat gaizki joango da. Ireki behar den eta lan egin behar den mundua da. Ezer ez dago erraza eta hau ere ez da mundu erraza. Baina, nik ikusten dut badagoela jende bat ilusio askorekin. Hala ere, mahai baten bueltan jarrita hitz egiteko gaia da.

Zer baloratzen du epaimahaiak?
Lehenengo gauzetako bat sormena da. Sormena eta originaltasuna garrantzitsuak dira marrazkiak egiterakoan eta gidoian. Gidoia, noski, euskaraz da eta euskara aberats bat eskatzen da. Bestalde, komikiak hizkuntzari lotuta badu jolas bat, esaldi motzetan gauza asko adierazi baitaitezke; nahiz eta honek ere bere muga daukan. Horrez gain, marrazkia txuri-beltzean den, koloretan den, zer erritmo duen, istorioa ulergarria den, zer estilo duen... Horiek beste batzuen artean. Normalean nahiko giro onean eta nahikoa azkar hartzen ditugu erabakiak.

Euskal estilorik ba al dago?
Marrazkietan baino gehiago gaiak aukeratzerakoan izan daiteke, baina ez naiz ausartzen hainbeste esaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!