Sormenaren bila Galtzakomiken

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 29a, 10:06

Komiki lehiaketaren zortzigarren edizioa martxan dago jada; komikiak Galtzaundin aurkeztu beharko dira azaroaren 20rako

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean Galtzakomik komiki lehiaketaren zortzigarren edizioa jarri du martxan. Ibarran kokatuta dagoen lehiaketa bada ere mundura zabalduta dago, eta hortaz, edozeinek parte har dezake. Beti ere beharrezkoa da lanak euskara hutsean aurkeztea, izan ere, lehiaketa honen helburu nagusia euskarazko komikigintza sustatzea da; eta bide horretan komiki muturik ere ez da onartuko. Euskara maila ere aintzat hartuko da.

Gaia librea izango da, baina ez da onartzen eduki sexista edo arrazista duen komikirik.
Bestalde, lehiaketan jatorrizko lana aurkeztu behar da, eta ordenagailu bidez sortu edo tratatuak izan daitezke, baina aurrediseinatutako irudiekin egindako lanak bazterturik geratuko dira.

Behin sortze prozesuarekin amaituta eta lanak prest izanda, Galtzaundiko egoitzan bertan edo postaz Galtzaundira bidalita aurkeztu behar dira. Aurkezteko azken eguna azaroaren 20a izango da.

Aurkeztutako komikian ez da autorearen izenik jarri behar. Gutun-azalean aurkeztu behar dira lanak, sinadura eta izenik gabe, izenburu batekin. Autorearen datuak beste gutun-azal batean aurkeztu behar dira, izenburu berarekin. Bigarren gutun-azal hori lehenengoan sartuta aurkeztu behar da.

Komiki lehiaketan jasotako lanekin erakusketa bat antolatuko da abenduaren 4tik 11ra, Ibarrako kultur etxean. Erakusketa hori amaitutakoan, hogeita hamar eguneko epearen barruan sarituak izan ez diren lanak jasotzeko aukera egongo da. Epe horretan eskatzen ez diren lanak Galtzaundiren artxibora pasako dira.

Baldintzak eta sariak

Sariei dagokienez, epaimahai aditu batek lanik onenak aukeratuko ditu irizpide hauen arabera: istorioaren zuzentasuna eta ulermena, marrazkiaren bizitasuna eta originaltasuna, idazmena, garbitasuna eta marrazketarako erabili den materiala eta teknika.

Egile bakoitzak sari bakarra eskura dezake, eta gutxieneko kalitaterik ezean epaimahaiak sariak eman gabe utz ditzake.

Parte hartzaile guztien artean, Mahala baserriko produktu naturalen bi saski zozketatuko dira. Sariak ematerako orduan, hiru  maila banatu dituzte: 12 urtetik behera, 12 urtetik 16ra, eta 16tik gora.  Adin talde bakoitzarentzat sari ugari eta potoloak banatuko dira: 1.400 euro dirutan, afariak, opari-txekeak, marrazketarako materialak, komiki bildumak… eta, Xabiroi aldizkariko urtebeteko harpidetzak.

Sari banaketa, abenduaren 4an, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean izango da.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago nahi duenak Galtzaundi Euskara Taldera jo dezake, edo 943 655 004 telefonora deitu, galtzaundi@galtzaundi.com helbidera idatzi, edo tlseh.com web orrira jo dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!