Presentzia baino, aitortza nahiago

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko urriaren 29a

Emakume Nekazarien Estatutu Legea onartu berri du legebiltzarrak, sektorean emakumeen presentzia areagotzeko asmoz; EHNE sindikatua erabat haserre azaldu da.

Pasa den urriaren 15ean onartu zuen, Eusko Legebiltzarrak, Emakume Nekazarien Estatutu Legea. Gizarte osoko parekidetasunaren alde sektore horretan aurrerapauso bat gehiago emateko tresnatzat hartu zuten, zenbaitek, dokumentua. Beste hainbat, ordea, desados azaldu dira jaurlaritzak negoziazioetan nahiz estatutu legearen osatzean harturiko jarrerarekin: baserritik bizi diren emakumeen errealitatea ezagutzea eskatzen dute.

Javier Carro EAJko legebiltzarkideak eman zituen estatutu legearen inguruko azalpenak, Garapen eta Lehiakortasun Batzordeko presidente den aldetik. Haren arabera, legeak laguntza eskainiko du emakume baserritarrak gizarte segurantzan afilia daitezen, batetik: «Helburua emakumeak lurren jabe edo jabekide bilakatzea da», gaineratu zuen.

Horrela, lurren titulartasuna elkarbanatutakoa izatea bultzatzeko, diru laguntzak ematerakoan emakumeen parte hartzea lehenetsi egingo du Eusko Jaurlaritzak.

Laguntza ekonomikoen bide beretik, nekazaritzako erabakiguneetan ere emakumeen presentzia bermatu nahi du gobernuak eta, beraz, nekazarien elkarteek lau urteko epea izango dute emakumezkoen tasa %40 izan dadin, gutxienez.

Jaurlaritzak «orain arte ezkutuan egondako lana azaleratzeko bidetzat» hartu du estatutu legea, eta baita kolektibo horrentzako bermetzat ere.

EHNE sindikatuaren ustez, ordea, «dokumentu berriak ez du emakume nekazari eta abeltzainen aitortzarik lortzen».

Gainera, erakundeek beren interesen araberako moldaketa egin dutela salatu dute.



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!