Maider Aramendi, EBEL: «Teilatutik sortzen hasitako estatutu edo paper propagandistiko hutsa da»

Itzea Urkizu / Iñigo Terradillos 2015ko urr. 29a, 09:31

EHNEko emakume baserritarren EBEL saileko kide da Maider Aramendi ibartarra, eta erabat desados daude Eusko Jaurlaritzak berriki onartu duen estatutu legearekin.

Ez zaudete ados estatutuarekin.


Ez. Triste gaude eta, aldi berean, haserre. Bagenekien alderdi politiko bat edo beste agintera iristen zenean, onartu egingo zutela, nahiz eta beraiek zehatz-mehatz ez jakin, lege-dekretu horrek zer dioen. Onartu duten 10etik 9k, ez dakite lege-estatutu hau zertaz ari den. Onartu dutena hutsala da, ez du ez legerik ezta onurarik ere ekarriko, ez da ezer.

Ausardia handiagoa eskatu duzue.

Zortzi urte daramatzagu estatutu honen atzetik, Eusko Jaurlaritzako batzordean; garai hartan sozialistak zeuden agintean. Sektoreko emakumeon ordezkaritzatik, EHNE izan da ekarpenak egin dituen sindikatu bakarra. Eta, hori diot, ni neu batzorde horietan egon naizelako. Ez da sektoreko emakume baserritar elkarterik edo sindikaturik egon, ez sindikatu ez elkarte, lege horren gauzatzea guk bezainbeste nahi izan duenik. Izan ere, emakume baserritarrak gara, baserritik bizi garenak eta baserrian lan egiten dugunak. Estatutu juridiko lotesle baten aldarrikapena, beraz, historikoa baino historikoagoa da.

Zein ekarpen egin duzue, zehazki?

Ekarpen guztiak, langile guztien eskubideetara mugatu dira; baina ez diru laguntzez erositako baldintzetara, baizik eta berezko eskubideetara. Berdintasuna kuantitatiboki eta kualitatiboki lortu behar baita. Sektore honi dagokio eskubide horiek parekidetasunean nola gauzatu behar diren ikustea, berdintasun plan guztiak martxan jarriaz. Ez baikara hirugarren generoa; sektoreko emakumeak gara, gizarteko beste hainbat esparrutako emakumeak bezala, eta langileak gara.

Estatutua gutxiegi da zuen eskaerentzat, baina, horrez gain, hutsune zenbait ere ikusten dituzue.

Hau ez da nik eman eta zuk hartu, eta nik agindu eta zuk egin. Langileen estatutu juridiko batez ari gara, eta gure sektoreko gazteen estatutuekin gertatzen ez dena, gertatzen da gurekin. Hasteko, sektoreko gazteen estatutua nekazaritza departamentutik atera da, eta estatutu lotesle bat da. Aldiz, emakume baserritar langileon estatutua jaurlaritzako garapen departamentutik dator. Sortzetik, beraz, gaizki abiarazi dute gaia. Bigarrenik, benetako diagnostikoetan oinarritu gabeko estatutu bat da. Eta, azkenik, ez da loteslea, ez ditu politikari, erakunde eta gobernuak inora lotzen, neurri positiboak proposatzeko. Ausartuko ginateke esatera, teilatutik sortzen hasitako estatutu, itun edo paper propagandistiko hutsa dela; ausartuko ginateke, ez, hala da.

Beste lurralde eta erkidegoetan ba al da antzeko dokumenturik?

Nafarroan, adibidez, gobernua entzungor zen, momentura arte, nahiz eta EHNEk nazio mailan lan egiten duen. Gure sorpresa izan da, EAEn estatutua onartu baino astebete lehenago, EHNEko Nafarroako kideek dei bat izan dutela, gai honen bueltan nolabaiteko mozio bat aurkeztuko dutela esanez, Nafarroako Gobernuan. Positibotzat hartu dugu eta, orain, gure indarrak Nafarroan jarriko ditugu, EAEn pareta luze bat eraiki zaigula ikusirik. Estatuan, berriz, ez dago halakorik. Bere garaian, sozialistek ireki zuten bidea, eta guk ilusio handiz hartu genuen. Baina, estatutu duin batera iristeko, nahi politikoa beharrezkoa da eta, nahi politikoa egoteko, ezagutza landu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!