Euskal Herriko Raid Liga irabazi du Aralar kirolak Raid Taldeak

Ataria 2015eko urriaren 19a

Larunbatean amaitu zen Euskal Herriko Raid ligaxka, eta bost jardunaldiak irabazita txapeldun dira Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal.

Arratia bailaran, Diman, jokatu zen 2015eko Euskal Herriko Raid Ligako azken jardunaldia. Lau etapako proba zen: herri orientazioa (bulderra eta herri kirolak barne), mendi bizikleta, trekking-a (tirolina eta boloak barne) eta amaitzeko mendi bizikletako bigarren proba bat.

Honela azaldu du Garmendiak bizitakoa: "Trekking-eko etapa, orientazioari dagokionez, oso teknikoa izan zen. Bertan erabaki zen sailkapena talde askorentzat. Izan ere, bat baino gehiago mendian galduta ibili ziren. Guri, aldiz, etapa hau borobil atera zitzaigun eta hor lortu genuen besteekiko abantaila handia, kategoria mistoan zein absolutuan irabaziz".

Horrenbestez, ligako jardunaldi guztiak irabazita, bost guztira, Maitane Garmendiaren eta Beñat Doyharzabalen Aralar kirolak Raid Taldea da txapelduna.

Hurrengo hitzordua, eta aurtengoz azkena, azaroaren 7 eta 8an izango dute, Kataluniako Raid Txapelketa. 24-30 ordu inguruko proba izango da, Sau bailaran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!