'Ataria'-k jarraipen berezia egingo dio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko urr. 14a, 08:52

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bertsolari eta bertsozale ugari biltzen ari dela zalantzarik ez dago. Atariak txapelketa jarraitzeko bide bat gehiago izan nahi du. Gauzak honela, asteazken iluntzetan, 20:00etan, Jon Mirandak gidatuta lehiaketaren errepasoa egiteko saio berezia izango da Ataria irratian. Asteazkenetan entzuteko aukera ez dutenek, bigarren abagunea izango dute larunbatetan, 13:00etan.

Jon Mirandak gidaritza lanak egingo baditu ere, ez da mikrofono aurrean bakarrik ariko, astez aste protagonista berriak bertaratuko zaizkio; txapelketatik kaleratuak izandako bertsolariak, aurrera jarraitzen dutenak, eskualdeko bertsolari beteranoak, Harituzeko kideak...

Begi ezberdinak lagun, aurreko asteburuko saioak aztertuko dituzte, beti ere eskualdeko bertsolarien lanari patxadaz erreparatuz.

Biharko saioko gonbidatua esaterako, Haritz Mujika bertsolari asteasuarra izango da. Dagoeneko, txapelketatik at, lehiaketan egindako lanari errepasoa emateaz gainera, iragan asteburuko Arrasate eta Andoaingo saioei begira jarriko dira.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak aurrera egin ahala, bertsolarien iritziak jasoko dira, lehen pertsonan. Protagonistek beraiek egindako lana aztertuko dute ATARIA-ko mikrofonoetan, bertsoak lagun.

Bertsolari eta bertsozalek hortaz badute geltoki berria 107.6 fm-n (Aiztondon 105.0 fm), asteazkenetan 20:00etan eta larunbatetan 13:00etan.

Hobekuntzak, webgunean eta irratian

TOLOSALDEKO ATARIA proiektua poliki-poliki bada ere, hobekuntzak egiten ari da euskarri ezberdinetan, kasu honetan, bai webgunean eta baita ATARIA irratian ere.

Mugikorretatik eskualdeko albisteak jarraitu ahal izateko hainbat hobekuntza egin dira webgunean. Errazago dituzu albisteak eskura, azkarrago kargatzeaz gain, — horrek datuen kontsumoa txikiagoa izatea dakar—.

Gainera, hain erabilia den WhatsApp bidez albisteak partekatzeko erraztasunak ematen ditu. Behin albistean sartuta, sare sozial bidez zabaltzeko aukeren artean dago aukera hori ere. Erabiltzaileen iritziak ere jaso nahiko genituzke, eta gabeziarik ikusiz gero jakinaraztea gustatuko litzaiguke.

Aiztondoko herrietan, 105.0 fm

ATARIA irratia ere eskualdeko herri guztietara iritsi ahal izateko bideak jarri dira. Kasu honetan, Aiztondo bailarako zenbait herrietan (Asteasu, Larraul, Zizurkil, Aduna edota Alkiza) irismen arazoak genituen.

Arazo horiek gainditzeko hobekuntza teknikoak egin dira, eta aurreratzean 105.0 fm frekuentzian entzun ahal izango da ATARIA irratia eremu horretan. Piztu irratia Tolosaldeko albisteak entzuteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!