Aizkoran eta lokotx biltzen, Euskal Herriko Txapelketak

Asier Imaz 2015ko ira. 25a, 11:27

Aizkolariak eta lokotx biltzaileak igandean ariko dira lanean, Aian eta Nafarroako Igantzin

Euskal Herriko aizkora eta lokotx biltze txapelketak jokatuko dira igandean, Aian eta Igantzin. Aizkoran, eskualdeko hiru ordezkari egongo dira, lehen mailako finalera pasa nahian. Lokotx biltzen Tolosaldeko bi ariko dira, finalean, txapelaren atzetik korrika.

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa igandean jokatuko da, 12:00etan, Aian. Sarrera 15 euro izango da, eta finalaren bila, 12 aizkolari ariko dira. Horietatik seik bakarrik lortuko dute sailkatzea. Tolosaldeko ordezkariak ondorengo hiruak izango dira: Joseba Otaegi eta Jon Irazu zizurkildarrak eta Unai Otaño ibartarra.

Lehian ariko diren beste bederatzi aizkolariak ondorengoak dira: Aitzol Atutxa (Bizkaia); Iñaki Azurmendi (Gipuzkoa); Ander Erasun (Nafarroa); Mikel Larrañaga (Gipuzkoa); Juan Jose Lopez Azpilikueta (Nafarroa); Ugaitz Mugertza (Gipuzkoa); Floren Nazabal (Nafarroa); Jose Mari Olasagasti (Gipuzkoa) eta Jon Rekondo (Nafarroa).

Hamabi aizkolariek ondorengo lana egin beharko dute Aian jokatuko den finalaurrekoan: 54 ontzako bi enbor; 60 ontzeko bi enbor eta 72 ontzako beste bi. Guztira, beraz, sei enbor ebaki beharko dituzte aizkolariek.

Denbora onena egiten duten sei aizkolarik finala jokatuko dute urriaren 12an, astelehenez. Txapelaren lehian Aiako sei onenak ariko dira, Bizkaiako Basauri herrian.

Igantzin, 18:00etan

Lokotx biltze txapelketan ez da aurre kanporaketa jokatuko, finala baizik. Txartelak lurralde bakoitzeko txapelketetan banatu ziren. Gipuzkoako Txapelketa irailaren 12an jokatu zen Gipuzkoan, eta lehen bi sailkatuek lortu zuten Euskal Herrikoan egoteko saria. Txapelduna Eneko Garmendia baliarraindarra izan zen, eta txapeldun ordea Jon Goikoetxea Boli ibartar-gazteluarra. Biak egongo dira igandean Igantzin.

Baliarraindarraren eta ibartarraren aurkariak ondorengoak izango dira: Aritz Ruiz (Artziniaga, Araba); Gari Uriarte (Agurain, Araba); Aritz Martin (Arratzu, Bizkaia); Xabat Erleaga (Arratzu, Bizkaia); Eder Goldarazena (Berriozar, Nafarroa) eta Fernando Etxegarai (Bera, Nafarroa)

Herri kirol jaialdi hau Nafarroako Igantzi herrian izango da, igandean. Hiru txapelketak osatuko dute egitaraua, eta herri kirolariak 18:00etan hasiko dira lanean.

Lehenik emakumeen Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketa jokatuko da. Ondoren, gizonena, eta azkenik, Nafarroako Arpana Txapelketa Mistoa jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!