Inoiz baino erakargarriago

Iñigo Terradillos 2015ko ira. 25a, 10:51

Astelehenetik aurrera programazio berria estreinatuko du Ataria Irratia-k; aktualitatea, entretenimendua eta musika izango dira nagusi 107.6an eta ataria.info-n.

Freskoagoa, interesgarriagoa, irekiagoa, gertukoagoa, parte hartzaileagoa... horrelaxe dator ataria irratia-ren denboraldi berria. Informazioa eta entretenimendua uztartzen dituen programazioa prestatu dugu, Tolosaldeko herritarrak eskualdeko euskarazko irratia jarraituz tarte atsegina igarotzeaz gain, gure aktualitatearen harian egon daitezen.

Orain arteko ildoari jarraituz, gure eskualdeko gaien inguruan nahiz era batera edo bestera ukitzen gaituzten gai horien inguruan hitz eginez ekingo diogu goizari Pasahitza magazinean. Ostegun eta ostiralen kasuan aktualitate hori solasaldietan jorratuko dugu. Ostegunen kasuan, eskualdeko gazteekin eta Tolosaldetik kanpo bizi direnekin egingo dugu solas, eta ostiraletan, politikariei eta politikan adituak direnei emango diegu hitza. Berrikuntza moduan, aktualitateari dagokion tartea sinadura batekin itxiko dugu egunero; Iñaki Zubeldia, Oihana Iguaran, Joxemi Saizar, Olatz Artola eta Anjel Mari Peñagarikanok izango dute horren ardura.

Informaziotik entretenimendurako pausoa eman, eta gertuago zaizkigunak eta gure egunerokoan gehiago ukitzen gaituztenak jorratuko ditugu magazinaren bigarren zatian. Bertan, besteak beste, bidaiak, artea, teknologia, ekokultura, zientzia, kultura, azoka, giza eskubideak, tendentziak... izango ditugu hizpide. Sukaldera ere sartuko gara egunero errezeta goxoa prestatzera, eta jolas egiteko tartea izango da gure lehiaketan, sari potoloekin. Musikak itxiko du magazina egunero, Antton Telleriak egingo digun proposamenarekin.

‘Hamaiketakoa’ eta musika

Hamaiketakoan Tolosaldeak hartuko du protagonismoa gure uhinetan. Egunez egun eskualdeko zonalde bakoitza jorratuko dugu, bertan gertatzen denarekin eta bertako protagonistekin. Asteazkenen kasuan, eskualdeko kirolariei emango diegu hitza Eutsi goiari! saioan.

Eguerdian musika izango da nagusi ataria irratian. Entzuteko jaioak saioan askotariko musikaz gozatzeko aukera izango duzue, begirada nagusia eskualdeko musikariei jarriko diogularik.

Arratsaldeak eta asteburua

Arrosa sareak ekoizten duen Zebrabidea magazinarekin egingo dugu bat astelehenetik ostiralera 16:00etatik aurrera, eta ondoren, goizak eman duen aukeraketa etorriko da.

20:00etatik aurrera gure mikrofonoak eskualdeari irekita egongo dira. Elkarte, erakunde eta norbanakoek bere tartea izan dezakete informazioa gure bidez zabaltzeko. Horretarako gurekin harremanetan jarri besterik ez da egin beharko. Beraz, irratia gustuko izanez gero, edota informazioa eman edo egiten dituzuenen berri eman nahi izatera ez egin zalantzarik, eta egin zure irratsaioa Ataria irratian!

Asteburuetan, bestalde, euskal musika izango da nagusi gurean, larunbat goizetan trikitixari leku berezia eskainiko diogularik. Era berean, astean zehar gure kolaboratzaileek izan dituzten tarteak gogoratuko ditugu asteburu goizetan, eta arratsaldeetan, berriz, Entzuteko jaioak musika saioa entzun ahal izango da.

Programazio betea, erakargarria, eta herritar orori irekia. Astelehenetik aurrera 107.6-n eta ataria.info-n.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!