Sortuk mobilizazioak deitu ditu preso eta iheslarien etxeratzea eskatuz

Ataria 2015eko irailaren 23a

Bihar Sortuk deitutako mobilizazioak burutuko dira Auzitegi Nazionala euskal preso politikoen eskaerak aztertzen hasiko delako ostiralean; irailaren 25ean, berriz,  azken ostiralekoak izango dira

Mobilizazio eguna izango da biharkoa Euskal Herrian, eta baita gure eskualdean Amasa-Villabonan, Ibarran eta Tolosan ere. 2014an EPPK-ko presoek banaka egindako eskaera guztiek Espainiako Espetxe Zaintzaren ezetza jaso ostean, preso horiek jarritako lehen helegiteak aztertzeari ekingo dio Auzitegi Nazionalak. Ostiralean egingo du bilera Auzitegi Nazionaleko lehen aretoak. Bertan hamabi presoren helegiteak izango dituzte mahai gainean; tartean gaixorik dauden presoak edo adinagatik hurbiltzeko eskatu zutenak.

Egoera horren aurrean, eta Euskal preso eta iheslariak etxera! lelopean Sortuk mobilizazioak deitu ditu, bihar, Euskal Herri osoan. Eskualdeari dagokionez, Amasa-Villabonan 20:00etan egingo dute elkarretaratzea, Rural ondoan. Ibarran, 19:30ean bilduko dira, Kutxa pareko plazan, eta azkenik, Tolosan 19:00etan Trianguloa plazara joateko deia egin dute.

Azken ostirala

Bestalde, ostiralean bertan ere preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatzeko, azken  ostiraletan burutu ohi diren elkarretaratzeak izango dira eskualdeko herri gehienetan. Guztiak ohiko ordu eta lekuetan.

Sareren deia Ibarran

Bestalde, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lan egiten duen Sare plataformak  igandean Ibarran ospatu zen Ibarra, azoka eta piperra azoka berezian postu bat jarri zuen. Bertan Sareren materiala saltzeaz gain, Sareren inguruko informazioa zabaldu eta Sarekide egiteko aukera izan zen. «Aurrera begira ere euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan lanean» adierazi zuten bertan, eta «lehentasun bezala preso gaixoak etxeratzea eta dispertsioaren amaitzea» izango dute. Bide horretan, batetik, ostiralean hileko azken ostirala izanik, herriz herri burutuko diren mobilizazioetan «partea hartzera» gonbidatu dituzte herritarrak. Bestetik, larunbatean 17:00etan Donostiako Kursaletik Bakearen Usora, preso gaixoen etxeratzearen alde burutuko den mobilizazioan parte hartzera ere «animatu» nahi izan dituzte herritarrak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!