Alegian eta Asteasun, igandea, azoka eguna izango da

Alegian goizez egingo dute azoka, eta Asteasun egun osoan izango da festa usaina

Alegiako herriak, Barazki eta Artisau azoka hartuko du igandean, herriko plazan. 10:00etatik aurrera, herriko nahiz kanpoko nekazari eta artisauek beren postuak dotore-dotore jarriko dituzte. Ikusi edota bertako produktuak erosteko aukera eskainiko dute. Barazkiez gain, sagardoa, bitxiak, egur lanak, xaboi naturala, gozoak, eztia, mondejoak,... hogeita zazpi postu egongo dira guztira, 14:00ak bitartean. Erosketak egiten dituztenei zenbakidun txartelak emango dizkiete, eta postuetako produktuekin osatutako saski bat zozketatuko dute, 13:00etan.  
 
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek ere beraien postua jarriko dute pintxoak eta edaria salduz. Ateratzen duten dirua, ikasturte amaieran egingo duten bidaiarako erabiliko dute. Bestetik, ordea, taloen postu bat ere izango da. 12:00etan, berriz, herritar guztiei kantu jiran parte hartzeko deia egin diete. Loatzo musika eskolako trikitilarien laguntza izango dute horretarako, eta prestatu dituzten abestien liburuxkak ere banatuko dituzte. Aldez aurretik eskuratu nahi duenak kultur etxetik pasa beharko du. Eguraldi txarra egingo balu, pilotalekuan izango litzateke azoka.

Aukera zabala, Asteasun

Sona handiko azoka eguna izan ohi da iraileko azken igandean, Asteasun. Ganadua, artisautza, elikagaiak,... denetarik izan ohi da, eta guztira 55 bat postu izango dira herriko gune ezberdinetan banatuta. Giroa alaitzeko, trikiti doinurik ere ez da faltako, eta azoka eta ganadu erakusketaren irekiera 10:00etan egingo dute.
 
11:00etarako txekorra erreta izango dute, eta pintxoak erosteko aukera paregabea izango da, postuz postuko ibilbidea asetzeko. Pipar erretzailea ere etorriko da Asteasura.
 
Azken urteetan, Arroz esne lehiaketa egiten da azoka egunean, eta sari banaketa 12:00etan egingo dute. Lehiaketan parte hartzeko nahikoa izango da 11:00ak baino lehen etxean egindako arroz esnea pilotalekuan aurkeztea.
 
Behin arroz esneko sariak banatuta, 12:30ean, esne behien erakustaldia izango da, eta guztiak ere Asteasuko baserrietako behiak izango dira. Honez gain, herrikoak diren ardiak, ahuntzak, behiak, idi pareak, zaldiak,... ikusgai egongo dira. 
 
Eta bazkaltzeko tartea hartu ostean, 17:30ean, aurtengoan berrikuntza bat izango da. Euskal Herriko Zaldi Team Penning Wester erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da Ibargaiko soroan.

Alegia

10:00-14:00. Herriko eta kanpotik etorritako 27 postu izango dira, plazan. Era guztietako produktuak jarriko dituzte, eta erosleen artean saski bat eder bat zozketatuko da, 13:00etan. Eta 12:00etan, kantu jira egingo dute.

Asteasu

10:00. Azoka eta ganadu erakusketaren irekiera.
11:00. Txekorra erreko dute, eta pintxoak salgai jarriko dituzte.
12:00. Arroz esne lehiaketaren sari banaketa.
12:30. Esne behien erakustaldia.
17:30. Euskal Herriko Zaldi Team Penning Wester erakustaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!