"Ez ote dugu geurea behar bezain beste baloratzen?"

Haritz Sudupe 2015ko ira. 21a, 18:34

Elizondon Zazpi Herrialdeen Arteko Herri Kirol Txapelketa jokatu da; Gipuzkoarekin eskualdeko ordezkari ugari izan dira.

Gozatu ederra hartu genuen pasa den larunbatean Elizondora gerturatu ginenok. Bertan, euskal herrialdeen arteko herri kirol txapelketa jokatu zen. Futbola bezalako kirol masifikatuak nagusi diren garai hauetan, besterik ere badela argi geratu zitzaigun: lokotx biltzea, kontrabandista, ingudea, sokatira, orga jokoa, harri-jasotzea, trontza, lasto altxatzea, aizkora,... Herrialde bakoitzeko txapelduna nazio mailako norgehiagokan.

«Hori sasoia hori» entzun zitekeen nahiko beteta zeuden harmailetatik. Elizondo inguruko basoetako zaindari basajaun ere harrituta begira egon omen zen. Izan ere, todoterreno eta remolkeez gain, indarra sobera zen.
Baina gainontzeko kiroletan bezala, teknika, erresistentzia, norabide gabe indarra ezer ez denez, pixkanaka-pixkanaka nafarrak gailentzen joan ziren arratsaldea aurrera zihoan heinean.

Hasieran lokotxetan, gero kontrabandistan, sokatiran,... Beste herrialdeek ere lo ez zeudela erakutsi zuten. Aimarren harri saioa kasu, Aitzolen aizkora erakustaldia kasu edo plaza guztia txaloka jarri zuen orga jokoko bizkaitar beltzaranarena kasu.

Eskualdeko ordezkaritza ez zen falta izan, Gipuzkoa mailan eta Euskal Herri mailan gogor daudela erakutsiz, Baliarrain, Ibarra, Tolosa, Zizurkil, Aduna, eta Anoetako gazteak  tope aritu ziren lokotx, soka edo trontzan, nahiz eta aurreko urteko emaitzarik ez lortu.

-Parranda gehitxo eginak udara hontan? «Hoi re in beharra zeok» edo «askotan ondo etortzek kolpe bat jasotzea, espabillatzeko» erantzunak.

Bejondeiela, eutsi horri gaztek!

Bukatzeko hausnarketa bat: Aurreko urteetan ez bezala sarrera 5 euro kobratu arren, besteetan baino jende gehiago ikusi genuen harmailetan.

-Nolatan sarrera kobratzea? galdetu nion antolakuntzan zebilen baztandar bati.
-Debalde balorea galtzeik ekitaldiak ta kobratuta jendea gehio gerturatzek.

Ez ote dugu geurea behar bezain beste baloratzen?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!