Eskualdeak presentzia izango du Zinemaldian, eta Zinemaldiak Tolosaldean

Ataria 2015eko irailaren 17a

King Kong-en bi film eskainiko dituzte TOPIC zentroan, ostiralean eta larunbatean; horrez gain, eskualdean grabatutako 'Pikadero' ere estreinatuko da.

Ostiralean hasiko da Donostiako 63. Zinemaldia, eta hilaren 26ra arte luzatuko da. Eskualdeak izango du presentzia Donostian, eta Donostiak ere Tolosaldean.

Izan ere, beste behin, Topic zentroak eta Donostiako Zinemaldiak bat egin dute, bertan eskaintzen diren film batzuk Tolosan ikus daitezen. Aurten King Kong-en bi filmak izango dira ikusgai, zine jaialdiak Zine Klasikoari eskaintzen dion tartearen barruan. Horietako bat Merian C. Cooper eta Ernst B. Schoedsack egilerena da, 1933. urtekoa, eurei zuzendurik baitako zine klasiko tarte hori. Film hauen emanaldiarekin batera, Zinemaldia eta Tolosako Inauteriak batuko ditu Topic-ek. Izan ere, King Kong filma bertan proiektatuko dela aprobetxatuz, Iñaki Goikoetxeak 2010. urteko inauterietan filmeko protagonistarekin egindako panpina erraldoia jarri dute museoan. Bertan geratzeko asmoa du.

Diseinatzaile tolosarrak burua gorde zuen inauteri haien ondoren, eta zertxobait konpondu ondoren, Topic Zentroari eman dio.

Ostiralean bertan, film emanaldiaren aurretik, 19:00etan, egingo dute panpinaren inaugurazioa. Oraindik esan ezin den sorpresaren bat ere izango da.

Eskualdean grabatutako film bat
Aurtengo Zinemaldian euskarak ez ezik, eskualdeak ere izango du tokirik. Izan ere, Zuzendari Berriak atalean Pikadero emango dute. Filmeko bi protagonistak eskualdekoak dira: Alkizako Barbara Goenaga eta Tolosako Joseba Usabiaga. Komedia erromantikoa da eta bikote gazte batek krisia dela eta gurasoen etxetik joateko dituen arazoen inguruan hitz egiten du.

EMANALDIAK

Tolosan (Topic)
Irailak 18. King Kong. 20:00etan
Irailak 19. El hijo de King Kong. 18:30ean.

‘Pikadero’
Irailak 18. 14:00etan, Principal aretoan; 16:00etan Kursaalen.
Irailak 19. 18:15ean Antiguo Berri.
Irailak 20. 22:45ean Antiguo Berri.
Irailak 24. 21:30ean Kursaalen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!