Errealitate egindako ametsa, 'Altzoko Handia' opera

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko ira. 15a, 10:16

Iritsi da eguna, azkenean. Horrenbeste lanaren atzean eszenatoki gainean Altzoko Handia taularatuta ikusi ahal izan zen larunbatean, txotxongilo operaren aurrestreinaldia izan zen Tolosako Topic aretoan, Donostia 2016 ekimenaren barruan.

Musikaren egiletza David Azurza tolosarrari dagokionez, aurrestreinaldiaren balorazioa eskatu dio ataria-k. «Zoragarri» joan zen lana jendaurrean aurkeztean, «amets bat bete egin da», adierazi du pozez taularatzearen biharamunean.

Txotxongilo opera, errealitate gisa, orain hasten dela jakitun, aurreko pausoak ere baloratu nahi izan ditu musikari tolosarrak: «Prozesua oso luzea izan da, krisi egoera dela eta, atzeratzen eta atzeratzen eta atzeratzen joan da».

Primizia altzotarrentzat

Aurrestreinaldia larunbatean izan bazen ere, entsegu orokorra ostiralean egin zuten Topic-en bertan. Ikusle bereziak izan zituzten gainera. Erraldoiaren herrikideak lehenak izan ziren txotxongilo opera taula gainean ikusten. Honakoa ere Azurzari eskertu beharra dago: «Borroka pertsonala izan da. Justiziazkoa zen, primizia, haientzat izatea».

Eta ordainetan altzotarrengandik jasotako erantzuna ere beste horrenbestekoa izan zela nabarmendu nahi izan du Azurzak: «Zoragarria izan zen haien erantzuna, haien iritziak entzuteak pozez bete gintuen, jendea emozionatuta ikustea... guztiok emozionatu ginen».

Hemendik aurrerakoa

Aurrestreinaldiaz gozatu ahal izateko, beharrezkoa zen vip gonbidapen hori eskuratu ahal izan ez zutenek, aurrerantzean aukera ezberdinak izango dituzte Migel Joakin Eleizegiren bizitza txotxongilo operan ikusteko. Hurrengo geldialdia, estreinaldi ofiziala izango da: Charleville-Mezieresen (Frantzia), irailaren 26an, «munduko txotxongilo jaialdi garrantzitsuenean».

Donostia 2016 ekimena izaki, Donostian bertan ere aurkeztuko da martxoaren 20an eta ondoren Tolosan, berriro ere, oraingoan ekitaldi ireki gisa plazaratuko da Nestor Basterretxeak diseinatutako txotxongiloak oinarri dituen opera. Azken geldialdi honen data oraindik zehazteke dago, hala ere.

Aurrestreinaldia probesturik bideoa grabatu eta lana aurkeztu ahal izateko materiala badutela aitortu du Azurzak. Gainera, Koldo Izagirrek lana erdaratu egin du, «erdaratu baino egokitzapena egin du, musikarekin bat eta joateko, bertsoa bat etortzeko...». Gauzak honela, «beste ate batzuk zabalduko zaizkigu», adierazi du baikorki Azurzak: «Ia erraldoiak egindako bide berdina egiten duen operak ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!