Zelatungo iraileko erromeriak, galtzen ez den usadioa

Tolosaldeko Ataria 2015ko ira. 11a, 13:15

Igande honetan, hileko bigarrena, Astiasaran II.a eta Larrañaga trikitilariak izango dira giroa alaitzen.

Iraileko ohiko usadioa izaten dira Zelatungo erromeriak. Igandetan elkartzen da jendea Hernioren magalean, horietatik asko gailurra zapaldu eta gero. Zelatunen dauden bordetako arduradunek antolatzen dituzte erromeriak, eta trikitilari ezagunak izan ohi dira bertan. Borda horietako bat Agirretxekoa da. Lehen gurasoek kudeatzen zuten eta egun alabak aritzen dira. Horietako bat Tolosan bizi den Axun Irulegi da eta aurreko igandean «jende ugari» izan zela azaldu du, «haizea fina bazen ere».

Lau igande izango dira aurtengoan eta horietako bat pasa da dagoeneko. Beste hiru aukera geratzen dira, mendizaletasuna eta erromeria uztartzeko. Trikitilariak goiz eta arratsaldez izaten dira giroa alaitzen. Igande honetan Astiasaran II.a eta Larrañaga ariko dira. Hirugarren igandean Laja eta Larrañaga eta azkenekoan Ansorregi eta Lutxurdio. Goizeko saioa 11:30etik 14:00etara bitartean izan ohi da eta arratsaldekoa 16:00etatik 18:00etara.

Irulegik esan duenez, «jende ugari etortzen da iraileko igandetan, ohiturak eusten dio». Hirugarren eta laugarren igandeetan izan ohi da jende gehien, aurreko bietan Kontxako estropada izaten baita. Eguraldiak ere zeresan handia izaten du Zelatunera eta Herniora igotzeko igandea aukeratzerakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!