Lokotx biltzaileak, prest

Asier Imaz 2015eko irailaren 11

Eneko Garmendia baliarraindarra eta Jon Goikoetxea ibartarra txapelaren bila joango dira bihar Donostiara. Trinitateko Plazan, 18:00etan, Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa jokatuko da. Jaialdian, beste hainbat herri kirol erakustaldi ere egongo dira. 

Egungo Gipuzkoako txapelduna Eneko Garmendia da. Baliarraindarrik guztira Gipuzkoako sei txapela ditu. Horrez gain, Zazpi Herrialdetako hiru eta Euskal Herriko bi. Faborito paperarekin ariko bada ere, beste bi aurkariak oso gogorrak direla dio Garmendiak.


Txapelketan hiru kirolari ariko dira lehian. Imanol Otermin ibartarra joatekoa zen, baina azkenean ez da Donostian egongo.


Gipuzkoako Txapelketa irabazten duenak Euskal Herrikoan aritzeko eta hilaren 19an Elizondon jokatuko den Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan egoteko saria jasoko du.


Bi ilaratan egongo diren 50 lokotx bildu beharko dituzte herri kirolariek. Batetik bestera metro bat eta 25 zentimetroko distantzian egongo dira lokotxak. Banaka bildu beharko dituzte, eta jaurtiketan kale eginez gero, bestearen bila joan aurretik sartu ez dutena sartu beharko dute saskian. Eneko Garmendiak 2012an jarri zuen marka, 6 minutu eta 3 segundoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!