Villabona eta Zizurkilen euskara ikasteko laguntzak

Jon Miranda Labaien 2015eko irailaren 7a

Euskara ikastera animatzeko bi herrietan dauden aukeren berri emanaz eskuorria banatu dute

Aurten goiz eta arratsaldez, maila guztietako euskara ikastaroak eskainiko dira Villabonan eta Zizurkilen, bertan taldeak osatuz gero. Gainera, etorri berrientzako Aisa ikastaroak ere izango dira, astean hiru egunetan, goizez eta arratsaldez. Guraso, aiton-amona eta zaintzaileei zuzendutako ikastarak ere izango dira astean bi egunetan, Villabonan, astelehen eta asteazken goizetan eta Zizurkilen, astearte eta ostegun arratsaldetan.

Laugarren urratseko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute astean lautan Zizurkilen goizez eta lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizuna lortzeko ikastaroak eskainiko dira, astean hiru egunetan, taldeak osatuz gero. Eskaintza osatzeko, autoikaskuntza ikastaroak eskainiko dira, tutoretza eta mintzasaioekin.

Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek matrikularen %75a arte ordainduko dute ikastaro bukaeran eta mintzalaguna programan parte hartuz gero, %10 gehiago, beti ere 400 euroko gehienezko mugarekin.

Diru laguntzak jaso ahal izateko bi herrietako batean erroldatuta egon beharra dago eta saioetara %85eko asistentzia ziurtatu. Euskaltegiaren aldeko txostena eta matrikula ordainduta edukitzea ere ezinbesteko baldintza izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!