Ostiralean egin zieten agur festa Saharatik etorritako umeei. 17:00etan jolasak eta puzgarriak egon ziren Tolosako Zerkausian eta murala ere jarri zuten bertan. Aldarrikapen ezberdinak irakur zitezkeen sormenaren murala deitutakoan.
Ekitaldi politikoa egin zuten ondoren, Fronte Polisarioko eta Tolosaldeko udaletako ordezkariek hartu zuten hitza. Behin ekitaldia amaituta, Tolosako alde zaharreko kaleetan zehar kalejira egin zuten Saharako bandera eskuan hartuta, eta Sahara libre edo Euskal Herria askatu bezalako leloekin.
20:30etan egin zuten afaria Zerkausian eta afalostean Cherlat eta Lehoia izeneko ipuina aurkeztu zuten oholtza gainean. Eñaut Elorrietak eta Aziza Brahimek prestatu duten Desio bat dut bideoa ere ikusi ahal izan zen ekitaldiaren amaieran.
Bideoan agertzen den gisara, Sahararentzat desioak luzatu zituzten tolosarrek Zerkausiaren goiko pisutik. 1.000 su bola inguru zabaldu zituzten bertatik, su bola bakoitzeko desio bana.
Musika eta dantza artean amaitu zen atzoko festa Tolosan. Datorren astean, euren herrira itzuliko dira Saharatik Tolosaldera etorritako haurrak.