Agur festa egin diete Saharatik etorritako umeei

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 22a, 11:11

Oporrak Bakean programaren barruan Saharako errefuxiatuen eremuetako 19 ume ekarri dituzte eskualdera aurten. Horietatik 11 Amasako apaiz etxean hartu dute ostatu eta gainerakoak Villabona, Tolosa, Altzo, Alegia eta Leaburuko zenbait familiatan igaro dute uda. Gaur arratsaldean Tolosako Zerkausian egin diete agur festa.

Umeentzako jolasekin abiatu da arratsaldean festa eta 19:00ak inguruan egin dute ekitaldi politikoa Zerkausian jarritako oholtza gainean. Tolosaldeko udalen izenean hitz egin du Alegiako alkate, Unai Iraolak: "babesa eskaini nahi diogu Tolosaldea Sahararekin elkarteak eta Fronte Polisarioak elkarrekin gauzatzen duten ekimenari. Itzulera gozo bat opa diegu gure artean izan diren haurren eta eskualdeko udalok konpromiso politikoa berretsi nahi dugu Saharar herriak bizi duen egoerarekiko. Marokok Sahara okupatu zuenetik urteak igaro dira eta konpromiso politikoa adierazi nahi dugu herri honekiko".

Ibrahim, Frente Polisarioko Euskadiko ordezkaritzako kideak esker hitzak izan ditu gaurko ekitaldian: "Saharako herriaren izenean, Tolosaldeko udalei eskerrak eman nahi dizkiegu eta baita ere hilabeteotan etxean haurrei harrera egin dieten familiei".

Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek ere hitza hartu dute ekitaldi politikoan. Aljeriako errefuxiatu kanpamenduetan bizi direnak ingurune bortitz eta gogor batean bizi direla gogoratu dute eta lurralde liberatutan berriz, bizimodu erdi nomada bat eramatera behartuta daudela. "Marokok okupatutako lurraldean giza eskubideak existitu ere ez dira egiten, Minurso NBEren misioaren begiradapean egon arren". Diasporatzat jo ditu Tolosaldea Sahararekin gure artean egon diren umeak: "zuen herrialdean bizi duzuen gatazka azaldu eta zabaltzeko lana egiten duzue".

Laguntza politikoa ezinbestekoa dela nabarmendu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Baina elkartasun humanitarioa adierazteko beharra ere azpimarratu du: "geroz eta nazioarteko laguntza gutxiago jasotzen dute errefuxiatu kanpamenduetan -heren bat jaitsi da jasotako elikagaien kopurua- beraz janari bilketekin lagundu dezakegu. Osasun eta hezkuntza arloko azpiegiturak ere behar dituzte".

Tolosaldea Sahararekin elkarteko kide eta Oporrak Bakean programako begirale den Ana Traperok ere hitz egin digu gaurko ekitaldiaz. Hona hemen bere hitzak.

Ali-Salem Dih Said, Saharatik etorri den haurretako bat da. Donostia eta Hondarribia artean egin du bere udako egonaldia baina Tolosako agur festan parte hartzera etorri da gaur. Lehen urtea izan du gure artean, baina euskara ikasteko aukera izan du:

Erlazionatuak

ARGAZKI GALERIA: Agur festa Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2015 abu 22 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!