Donostiako Feriako finaletik kanpora geratu da Artola eta Altuna IIIak gaur izango du sartzeko aukera

Ataria 2015eko abuztuaren 19a

Iñaki Artola eta Jon Ander Albisuk 22 eta 17ko emaitzarekin galdu zuten atzo Atano IIIa frontoian, Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriolaren aurka. Bigarren final erdia gaur gauean jokatuko da: Jokin Altuna amezketarrak, David Merino izango du atzean eta Pablo Berasaluze eta Alvaro Untoria izango dituzte aurkari.

Gaueko 22:00etan jokatuko da bigarren final erdia eta telebistak ez du zuzenean botako. Irabazle suertatzen den bikoteak finala jokatuko du ostiralean, Martinez de Irujo eta Barriolaren aurka.

Atzo Aspeko bikotea atera zen garaile eta Artola eta Albisuk huts dezente egin zituzten partidan zehar. 49 minutu iraun zituen partidan, hamabi pilota galdu zituzten. Hamaikana berdindu zuten partida eta 7-1 partzialaren ondotik berriz ere bi tantotara gerturatzea lortu zuten alegiarrak eta ataundarrak. Hortik ez ziren mugitu, ordea, eta final erdia 22 eta 17ko emaitzarekin bukatu zen Martinez de Irujo eta Barriolaren alde.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!