Fracking Ez taldeak Urbian egin du hitzordua hilaren 31rako

Ataria 2015eko uztailaren 24a

Iaz egin moduan Arantzazuko zelaigunean elkartuko dira «ama lurra defendatzeko»

Euskal Herriko Fracking Ez taldea orain hiru urte hasi zen Araban eta Bizkaian «ama lurraren alde eta berau kutsatzearen kontra» azaltzeko ekintza bat egiten.

Bi herrialdeen arteko muga egiten duen Gorbeiako tontorrean egin zuten aldarrikapena eta iaz, Gipuzkoan gauza bera egitea erabaki zuten.

Jende asko iazko deialdian

Pasa den urtean Arantzazuko Urbia zelaigunean elkartu ziren «talde polita» osatuz eta aurten gauza bera egitea erabaki dute. Leku berean, Urbian, elkartuko dira, Fonda aurrean, uztailaren 31n, 12:30etik aurrera. Tolosaldeko Fracking Ez taldeak ere bat egin du ekimenarekin eta «gasa ateratzeko erabili nahi duten haustura hidraulikoko teknikak lurrari eragiten dizkion ondorio larriekin kezkatuta dauden guztiei» bertaratzeko deia egin die. «Gure herria, gure lurra, ez dezaten kutsatu, ez dezaten txikitu eskatuko dugu ozen. Zenbat eta jende gehiago bildu, are indartsuago izango da gure aldarrikapena», gaineratu du Tolosaldeko Fracking Ez taldeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!