Indarra hartzen

Mikel Iraola 2015eko uztailaren 20a

Ugaitz Mendizabal (Argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press)
Gizonezkoetan ere eskualdeko arraunlari ugari dago. Gazteak dira, eta esperientzia pilatzearekin batera, presentzia gehiago dute tostetan.

Emakumezkoen antzera gizonezkoen mailan ere eskualdeko makina bat arraunlari daude: orotara 18. Tolosaldearen presentzia egonkortzen doan heinean arraunlariak ere pixkanaka pisu gehiago hartzen ari dira euren klubetan. 
 
Ugaitz Mendizabal irurarrak urte mordoa darama ontziak gidatzen. Astilleron lehenengo, San Pedron ondoren, apenas galdu du estropadarik debuta egin zuenetik. Jon Lizarralde eta Iñigo Jauregi Hondarribian daude, eta pasa den urtean liga irabaztea lortu ondoren, aurten dagoeneko bost bandera lortzeko gai izan dira. Horietako hirutan Lizarralde zegoen tostetan, eta beste bitan, Jauregi. Ander Jauregi anoetarrak, Endika Lopez tolosarrak, eta Xabier eta Eneko Zabala adunarrek bigarren urtea izango dute San Juanen. Lehen hirurek bostetik lau estropada jokatu dituzte, eta Enekok, berriz, bi. 
 
KAE ligan ere, bigarren mailan,  arraunlari ugari daude, horietako asko lehen mailara igotzeko lehian. Esaterako, Joseba Alustiza eta Mikel Lasa Getariarekin lidertzan dira, hiru bandera eskuratu eta gero. Daniel Ariztimuño eta Iñaki Errazkin tolosarren Zumaiak ere bi bandera irabazi ditu eta hirugarren da. Asteburu honetan Julen Gorostiagaren Donostiarrak ere historia egin du, lehen aldiz bandera bat eskuratuta. Baina denentzat, hasi besterik ez da egin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!