Ibaian urdin, itsasoan berde

Mikel Iraola 2015ko uzt. 19a, 10:31

Eskualdeko bederatzi arraunlarik ibilbide berri bati ekin diote Hernanin. 'Platanito' berdea jantziko duten arren, Tolosaldeko urdinak uste baino presentzia handiagoa du.

Duela urte batzuk Tolosak izan zuen traineru propioa nesken mailan. Herriaren izena harro eraman zuten, onenen alboan, gaur egun beste klub batzuekin onenen pare dauden neska haiek. Getariarekin batera ere bi urtez bandera sorta ederra lortu zuten. Izenak nahi baino gehiago ezkutatzen baditu ere, gaur egun ere Tolosak —Tolosaldeak hobeto esanda— badu ordezkaritza.


Hernani Arraun Elkarteak lehenengo aldiz trainerua osatu du aurten, eta horretarako, Tolosan ezinbestekoa zaion laguntza paregabea aurkitu du. TAK-en jo eta su aritzen diren bederatzi neskek bat egin dute proiektuarekin, ilusioz, esperientzia berri bati ateak zabalduz. Eta beraiekin batera, hasiberri baten ilusio berbera duen Koteli, entrenatzaile lanetan.

«Hernani geurea bezalako klub xume bat da —dio Kotelik— gazte jende askokoa. Guri gertatzen zaigunaren antzera, bateletan soilik lehiatzeko aukera izan du orain arte, baina aurten apustu berri bat egin du trainerua osatuz». Hor sartzen dira jokoan TAK eta Tolosa.

Hernanik ez ditu taldea osatzeko nahikoa arraunlari eta TAKi elkarlana proposatu zion, 2013ra arte Getaria eta tolosarrekin gertatu moduan. «Udaletxean diru-laguntza eskatu genuen, baina aurtengorako ez zegoela esan ziguten», azaldu du Kotelik. Azkenean beste babesle ekonomiko indartsu bat topatu zuten eta ideiarekin aurrera egitea erabaki zuen Hernanik, arraunlari tolosarren laguntzaz, baina Tolosaren izenak lekurik izan gabe.

Esperientzia berri baten atarian

Ilusio handiz jaso zuten albistea eskualdean, eta bederatzi arraunlarik eman zuten baietza: Eider Aierbe altzotarrak; Ane Sanchez eta Mireia Vicente anoetarrek; Maider Zumeta ibartarrak; Saioa Txapartegi, Irantzu Tolosa, Malen Oiarzabal eta Andrea Zumeta tolosarrek; eta Idiazabalgoa den baina TAKerekin arraun egiten duen Uxune Urkiak.

Gehienek 17 urte dituzte eta hiru edo lau urte daramatzate arraun munduan. Batelekin ibili izan dira orain arte, ibaietan, eta itsasoan horrelako esperientziarik ez dute inoiz bizi izan.

«Oso ezberdina» dela diote guztiek: «Ez dakigu arraun egiten... [barreak] oraindik! Arraunkerak ez du zerikusirik, baina pixkanaka ikasten ari gara», diote. Lan horretan ari da Koteli: «Itsasoan teknikak garrantzia handia du, eta nabari da bi klubak lehorrekoak garela. Teknika hori lantzen ari gara orain, eta hobetzen joango gara. Talde gaztea da, astetik astera aldea nabari da, eta horrela jarraituz gero, etorkizuna izango duen taldea dela iruditzen zait».



Zer nahiago ote duten galdetuta, ordea, eta aukeraketa zaila zaien arren, gehienek batelen aldeko hautua egiten dute: «Urteak daramatzagu ibaian, maitasun berezia hartu diegu. Gainera, emaitzak aldekoak izanda errazagoa da. Orain ez dugu ezer irabazteko aukera, baina ikasteko gogoz gaude», diote umoretsu.

Umore onak ere badu zerikusirik proiektu honetan. Familia bat osatu dute, eta horrela, gauzak «errazagoak» direla uste dute. Ia egunero joan-etorrian ibiltzen dira, Hernanik utzitako furgoneta batean, guztiak batera. «Batzuetan kosta egiten da baina dugun giroa sekulakoa da eta ondo pasatzen dugu. Esfortzuak konpentsatzen du». 

Furgonetan soilik ez, taldean oro har ere, giro bikaina dute. «Ez genuen uste hain denbora gutxian horrenbeste elkartuko ginenik». Hala ere, bada txantxetarako tartea, izan ere, batel denboraldian bata bestearen aurkari dira, eta lehia horretan ez dago lagunik. «Datorren urtean ere izango da, guk kamiseta urdina jantzita izango dugu. Beraiek berdea. Daukagun lehia hori hala ere, lagunartekoa izaten da beti».

Badu zerbait arraunak...

Badu, bai, arraunak harrapatzen zaituen zerbait. Zer? Inork ez daki. «Kirol oso go gorra da. Eskuek, ipurdiak, bizkarrak.... asko sufritzen dute, baina probatu duen orok urteak egiten ditu tostetan», dio Kotelik. Nesken ustez, hori zer den jakiteko barrutik bizi behar da: «Lagunek ez gaituzte ulertzen. Uda garaian hondartzara edo parrandara nahi baino gutxiago joaten gara. Denbora asko ematen dugu entrenatzen. Irailean 15 eguneko oporraldia dugu bakarrik. Baina jarraitzen dugu, gustura etortzen garelako. Batzuetan kosta arren, inoiz ez da izaten gogorik gabe entrenatzera joan garen egun bat».

Kotelik jarrera hori txalotzen du. «Oso gogorra da gizonentzat, nahiz emakumeentzat, baina hilekoa eta horrek dakarren guztia kontuan hartuta, uste dut meritu gehiago dutela emakumeek. Psikologia asko behar da entrenatzeko orduan».

Helbururik ez, ametsak bai

Guztiak jakitun dira hasiberriak direla traineruarekin, eta hortaz ez dute epe laburreko helbururik jarri, ikasi, teknika hobetu eta esperientzia hartzeaz gain. Bada zerbait. 

Asteburuan jokatu dira EuskoTren ligarako sailkatze estropadak, zazpigarren postuan amaitu dutenez, ez dute bertan lehiatzeko aukerarik izango. Gipuzkoako Ligan lehiatzearekin konformatu beharko dute hasiera honetan behintzat. Kontxako sailkapen estropada prestatzeko baliagarria izango zaie liga.

Helbururik agian ez, baina ez dute amets faltarik. Arraunlari gisa zer lortu nahiko luketen galdetuta guztiak ados jartzen dira bandera bakarrean: Kontxan. «Ez dago parekorik».

Kotelik badu aparteko beste ilusio bat: etorkizun batean Tolosa izenez berriro lehian aritzea. «Lehenengo urtean izan genuen aukera. Oriok bere eraikinaren zati bat eta traineru bat utzi zigun, eta Kontxako sailkapen estropada jokatu genuen», gogoratzen du entrenatzaileak.

Eguraldi txarra zegoen egun hartan. Estropada bertan behera uztekotan izan ziren. «Nire ustez ez genukeen jokatu beharko», dio Kotelik. Baina azkean uretara irten ziren, eta bi segundugatik ez zuten sailkatzea lortu. «Pena handia izan zen. Orain atzera begiratuta espeziala izan zela iruditzen zait, eta horrekin geratzen naiz. Errepikatzerik balego...».

Eta bi ametsak batuz... zergatik ez ikusi noizbait Tolosa bere traineruarekin Kontxa irabazten? Arraunlari apartak egon badaude, eta etorkizuna, ere bai.

Bitartean Hernaniko berdeei animatzeko dei egiten dute: «Nahiz eta ez dugun Tolosa izena taldean, eramango bagenu bezala da».

Erlazionatuak

Eredu (izan) dira

Mikel Iraola 2015 uzt 19 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!