Eredu (izan) dira

Mikel Iraola 2015ko uzt. 19a, 11:25

Malen, Andrea, Mireia, Ane, Uxune, Saioa, Eider, Irantzu eta Maider hasiberriak dira traineruen munduan. Badira urte gehiago daramatzaten eskualdeko beste sei arraunlari, guztiak maila gorenean, EuskoTren ligan. 

Zumaia

Hernanin arituko diren arraunlarien antzera, antzeko ibilbide bati ekin zioten duela urte mordoa Ioana Alijostes eta Irati Larrañaga tolosarrek. Getaria-Tolosarekin urtetan aritu eta gero, Zumaiara egin zuten salto. Dena eta ez dena irabazteko aukera izan dute bertan, tartean, Kontxa preziatua. Beranduago, beraiekin bat egin zuten bertan Miren Salvador alegiarrak eta Miriam Aizpurua tolosarrak.

Denboraldi-aurrean bikain aritu dira zumaiarrak, eta asteburuan lehen bandera eskuratu dute. Taldearen maila mantentzeko helburua jarri diote beren buruei: «Itxura ona du urteak», dio Alijostesek.Hernanirentzat ere animoak besterik ez dituzte: «Lehen urteak oso zailak izaten dira, lan asko egin behar da. Baina gogoa dute».

San Juan

Azken urte hauetan bigarren plano batean egon ostean, aurten badirudi Nerea Perez tolosarrak protagonismo gehiago hartu duela. Patroi lanetan aritzen da eta pasa den urtea «ahaztezina» izan zela dio, EuskoTren liga eta Kontxako bandera irabazi baitzuten. Zumaia «oso fuerte» dagoela dioen arren, pasa den urtekoa «errepikatzea posible» dela dio.

Berak ere Tolosatik kanpo bilatu behar izan zuen traineruetan lehiatzeko aukera, eta bide horretan Hernanirekin ari diren neskei «zorte ona» opa die. Gainera bada berezitasun bat: Koteli entrenatzailea bere aita da. «Gertutik jarraitzen dugu bata bestearena. Berak galderak egiten dizkit entrenatzeko moduaren inguruan. Polita litzateke noizpait Tolosa bezala lehiatzea».

Orio

Orio EuskoTren ligara itzuli da. Urtebeteko hutsunearen ondoren, berriro onenen ligan dira horitxoak. Oraingoan «gauzak ondo egitera» datozela dio ankeko lanetan ibiltzen den Oihane Iraola tolosarrak. «Beste traineruekiko aldeak asko murriztu ditugu. Orain lehia handiagoa da, eta beraien pare ibiltzeko intentzioarekin gara aurten. Talde bera mantendu dugu, eta indartu egin da esperientziarekin. Uste dut lanak ongi eginez gero goian ibiliko garala, eta zergatik ez, agian banderaren bat lortu genezake». 

Hernaniko neskei dagokienez, Iraolak uste du Oriori gertatu zaionaren antzera, «proiektuari jarraipena emanez gero, hobera egingo dutela, ilusioz betetako jende gaztez osatua baitago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!