Manex Castroren lagun eta lehengusuen arteko dema

Asier Imaz 2015ko uzt. 17a, 11:21

Berrobik Gipuzkoako Giza Proba Ligako finala jokatuko du, bihar.

Manex Castro euskal presoa Cadizen dago, etxetik 1.000 kilometrora. Senide eta lagunen bidaiek gastu ekonomiko handiak ekartzen dituzte, eta horiei aurre egiten laguntzeko, kirol festa egingo dute bihar Villabonan. Alde batetik, bere kuadrillakoak, eta bestetik, Zabaletar lehengusuak.

Giza proban neurtuko dituzte indarrak. Sei lagun ariko dira tiraka, 10 minutuko lanaren bueltan. Billabonatarrek argi dute eurek irabaziko dutela; baina arazo bat dago, lehengusuek ere gauza bera esaten dutela. Hori bai, azken hauen entrenatzailea Asier Castro da, eta hori abantaila izan daiteke. Ziurrenik ez.  
Lehengusuak mutil handi eta morroskoak dira. Hernaniko rugby taldean ibiliak. Ikusi eta ihesi joateko modukoak. Indarrez, beraz, nagusi izan daitezke. Harriarekin, ordea, bost entrenamendu besterik ez dituzte egin, eta billabonatarrak horren jakitun, esperantzarekin daude: «Teknika lantzen saiatu gara, eta hortik irabaztea espero dugu. Hamar entrenamendu inguru egin ditugu». Bi taldeek argi dute apustua oso parekatua izango dela, eta «detaileetan» erabakiko dela irabazlea.

Berrobi, azken jardunaldian
Gipuzkoako Giza Proba Ligako azken jardunaldia jokatuko da egun berean Elgoibarren. Berrotibarrak bertan izan dira. Final horretan, taldeak binaka ariko dira lanean. Eskualdekoen aurkariak ondorengo hiru zortzikoak izango dira: Anduitz-Itziar; Tope-Natxioak  Mendaro eta Tarinak-Deba. Sigma probalekuan izango da finala, eta sarrera 15 eurokoa jarri dute.

Hitzorduak
Amasa-Villabona
Eguna: Uztailak 18, larunbata.
Ordua: 11:30ean.
Lekua: Villabonako probalekua.
Desafioa: Manex Castro preso billabonatarren lagunen eta lehengusuen arteko apustua.
Egin beharreko lana: 550 kiloko harriarekin 10 minututan nork plaza gehiago egin. Talde bakoitza sei tiralarik osatuko dute.
Oharra: Probak irauten duen bitartean musika, pintxoak eta sagardoa egongo da.

Elgoibar
Eguna: Uztailak 18, larunbata.
Ordua: 18:00etan.
Proba: Gipuzkoako Giza Proba Txapelketaren finala. 900 eta 984 kiloko harriarekin 10 minutuko lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!