Langabezia tasa jaitsi egin da ekainean

Mikel Iraola 2015ko uzt. 10a, 13:16

Ekaineko langabezia datuak jakinarazi ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak. Tolosaldeko langabezia %13,47koa da; guztira, 2.951 pertsona daude lanik gabe, martxoan baino 204 gutxiago.

Martxoan langabezia datuek puntu bat behera egin zuten aurreko urteko datuekin alderatuta. Bada, ekainean ere beheranzko joera mantendu da, ia beste puntu batean jaitsi baita langabezia tasa azken hiru-hilabete honetan. Martxoko %14,41etik, %13,46ra jaitsi da tasa ekainean. 204 pertsona gehiago ari dira lanean eskualdean.

Aldaketa esanguratsuena Tolosan eman da, lana aurkitu dutenen ia erdia bertakoa baita. Martxotik hona, 94 langabetu gutxiago daude, 1.204an (%14,34) kokatuz zifra hori. Irura, Amasa-Villabona eta Ibarran ere ia puntu bateko beherakadak izan dituzte.

Herri txikietan ere antzeman da aldaketa. Abaltzisketan adibidez, hiru langabetu gutxiago daude, hamar guztira; Alkizan ere beste horrenbeste daude, sei pertsonak lana aurkitu eta gero; Albizturren lau pertsonak topatu dute lana azken hiru hilabete hauetan, eta bost dira lanik gabe daudenak; Bidania-Goiatzen ere zazpi langabetu gutxiago daude, 22 denera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!