Eskualdeko langabeziak puntu bat behera egin du urtebetean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 15a, 12:49

Martxoko datuak argitaratu berri dituzte, eta Tolosaldeko langabezia %14,41ekoa da; guztira, 3.155 pertsona.

Tolosaldeko langabezia datuek puntu bat behera egin dute 2014ko martxoaz geroztik, argitaratu berri dituzten azken datuen arabera. %15,44ko langabezia tasatik %14,41eko tasara igaro da eskualdea, eta 226 herritar gehiago ari dira lanean, gaur egun.

Martxoko datuen aurretik 2014ko abendukoak plazaratu zituzten, eta abendutik martxora gorakada txiki bat izan du langabeziak; zehazki, 14 herritar geratu dira lanik gabe, epealdi horretan. Dena den, datuek beheranzko joerari eustea lortu dute, herri gehienetan datuak mantendu egin direlako, eta zenbait herritan langabeziak behera egin duelako.

Eskualdeko hiriburutik hasita, Tolosan, abenduan baino hiru pertsona gehiago zeuden, martxoan, langabezian. Tasari begira, horrela, %15,38tik %15,43ra aldatu dira zenbakiak. Azkenik, urtebeteko epean 103 langabetu gutxiago daude Tolosan.

Tolosaren orekarekin batera, eskualdeko beste zenbait herritan ere datuak berdin-berdinak dira, abendukoekin alderatuz gero. Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Hernialde, Larraul eta Orexaren kasua da aipaturikoa, eta herri horietan guztietan oreka da nagusi, urtebete atzera eginez gero ere. Berrobi da salbuespena, izan ere, iazko martxoan %14,29ko langabezia tasa izatetik, %16,60ko tasa izatera igaro dira; 6 langile, guztira.

Lana gora, tasak behera

Amaitu berri den martxoko datuetan, badira langabeziak behera egin duen herriak ere. Horrela, tasa aldaketa nabarmenenak izan dituzten herriak bost dira. Adunan %12,05etik %8,04ra jaitsi da langabezia; Alegian, berriz, %16,77tik %14,84ra; Altzon ere ia bi puntuz jaitsi da langabezia, hiru hilabetean, %12,50etik %10,80ra; Ikaztegietan %15,07tik %13,24ra jaitsi da langabezia tasa; azkenik, Leaburun %12,09tik %9,89ra jaitsi da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!