Trans Ernio eta Joxean Tolosa txapelketak, hastear

Asier Imaz 2015eko uztailaren 10a

Joxan Tolosa Txapelketako iazko finalista eta txapeldunak

Amezketakoan esku pilotariak buruz-buru ariko dira, Adunakoan binaka.

Joxean Tolosak buruz buruko txapela irabazi zuenetik 26 urte betetzen diren honetan, urtero bezala, Amezketan XXVI. Joxean Tolosa Pilota Txapelketa antolatu dute. Gaur hasi eta irailaren 6ra bitarte jokatuko da; frontoi osoan eta eskuz banaka.  


Kadete, gazte eta nagusien mailatan jokatuko da txapelketa. Maila bakoitzean, herrialde bakoitzeko txapeldunaz gain, Euskadi eta G.R.A.V.N.I.-ko txapeldunak ariko dira. Euskal Herri osotik etorritako pilotariek jokatuko dute, beraz, Amezketan.


Gaur, 21:00etan, lehen partidak jokatuko dira. Jaialdia ondorengo hiru partidek osatuko dute: kadeteetan, Balerdi (Bergara) - Zabala (Aduna); gazteetan, Salegi (Zestoa) - Erauskin (Berrobi) eta nagusietan Zubiria (Berrobi) - Aranguren (Antigua).


Bihar, larunbata, 21:00etan hasita, beste hiru partida jokatuko dira: kadeteetan, Iriarte (Azpeitia) - Arandia (Alegia); gazteetan, Etxezarreta (Andoain) - Mendia (Beasain) eta nagusietan, Erasun (Zizurkil) - Mendia (Beasain).


Trans-Ernio Txapelketa
Joxean Tolosa bezala, gaur hasiko da Trans-Ernio Txapelketa, Adunan. Benjamin, alebin, infantil eta kadeteek jokatuko dute txapelketa hau, eta partida guztiak Adunan bertan izango dira. Gaurko jaialdia final zortzirenetako partidez osatua egongo da, eta 17:30ean hasiko da. Guztira, sei partida jokatuko dituzte maila guztietako pilotariek. Finalari dagokionez, abuztuaren 8an izango da, larunbatez, 17:00etan.
Bihar, larunbata, final laurdenetako hainbat partida ikusteko aukera egongo da Adunan. Partidak 10:00etan hasiko dira, eta guztira hiru jokatuko dira.


Igandean ere final laurdenetako hiru partida jokatuko dira. Bezperan bezala, hauek ere 10:00etan hasiko dira.


Alegian, larunbatean
Oiartzungo Txost Pilota Elkarteak, Intxurrerekin batera pasaka pilota modalitatea ezagutzeko jardunaldia antolatu dute bihar, 19:00etatik aurrera, Alegian. Lehenik hitzaldia eskainiko dute udaletxean, eta ondoren, pasaka partida jokatuko dute udaletxeko aterpean.


Villabonan, igandean
Villabonako Errebote Plazan, igandean, Gipuzkoako Txapelketako partida jokatuko da errebote modalitatean, eta nagusien artean. Behar Zanakoak Zubieta 2koen aurka neurtuko dituzte idarrak. Partida 11:00etan hasiko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!