Txotxongiloen urratsak jarraitzeko hamaika aukera

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 8a, 10:52
El Tenderete taldeko txotxongiloak.

Topic-ek bigarren urtez Txotxongiloen Bideak egitasmoa abiarazi du. Ekainean hasi ziren lehen emanaldiekin eta uztaila bukaerara bitarte luzatuko da ekimena. Eskualdeko bost herritan egongo dira.

Dagoeneko abian jarri da egitasmoa eta aste hau laugarrena izango da. «Iaz balorazioa egiteko eskatu genien herrietako udalei eta txotxongilo taldeei eta jasotako erantzunaren arabera esperientzia ona izan zen, jendea gustura gelditu zen, eta pentsatu genuen bigarren aldiz antolatzea», azaldu du Xabier Ormazabal egitasmoaren arduradunak.

Aurtengoan sei talde izango dira emanaldiak eskaintzen hamabi herritan, horien artean, sei eskualdekoak (Alegian egin zen emanaldi bat). Talde bakoitzak aste batean egiten ditu saioak, eta dagoeneko hiru igaro dira. Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Asturiaskoak eta Valentziakoak dira taldeak. Topic-ek deialdia egin zuen Unima elkartearen bitartez txotxongilo taldeei eta hamabostek eman zuten izena. «Horietatik batzuk helduentzako saioak zituzten eta baztertu egin genituen, egitasmoaren ordutegiagatik adin guztientzako diren emanaldiak aukeratu baititugu», esan du Ormazabalek. «Izena eman dutenen artean euskaraz emanaldia eskaintzen zuen bakarra zegoen eta herrietatik eskaria zegoenez saioak euskaraz izateko, horri erantzuna eman nahi izan diogu talde hori hartuz».

Txotxongiloen Bideak proiektuaren berezitasunetako bat emanaldiak hainbat herritan egiten direla da. Bestalde, saioak kalean egiten dira, doakoak dira, eta beste berezitasuna txotxongilo taldeek emanaldia bukatu eta gero txapela pasatzen dutela da, hau da, garai batean txotxongilolariek egiten zuten modura.

20 urte inguruko ibilbidea

El Tenderete talde bilbotarrari egokitu zaio aste honetako emanaldi sorta. Egitasmoan parte hartuko duten sei taldeetatik euskaldun bakarra da. 20 urte inguruko ibilbidea du taldeak, eta aukera ona zela iritzi zioten Topic-ek deialdia egin zuenean. «Une ona da hainbat herri ezagutzeko, eta gure txotxongiloak eta lana erakusteko», azaldu du El Tendereteko Manya Mallabiak.

Txotxongiloen eszenatokia edozein izan daitekeela dio Mallabiak eta kalean emanaldiak egitea aukerarik onenetakoa dela. Hori bai, ez daude hain ohituta emanaldien ondoren txapela pasatzera. «Galdetu dugu nola egin dezakegun, eta buelta batzuk eman dizkiogu. Publikoak ere ez du horrelako ohiturarik, beraz, ikusiko dugu nola joaten den», azaldu du Mallabiak.

Basoko ipuin ttipiak emanaldia eskainiko dute aste honetan eskualdeko Albiztur, Anoeta, Tolosa eta Zizurkilen. Tolosaldetik kanpo ere emanaldiak egingo dituzte. Ikuskizuna edozein adinekorentzat pentsatuta dago eta hainbat istorio txikiz osatutako saioa da.

Egitaraua Tolosaldean

  • ALBIZTUR
    Uztailak 9, osteguna. 12:00etan, plazan, Euskal Herriko El Tenderete taldearen Basoko ipuin ttipiak lana.

  • ANOETA
    Uztailak 10, ostirala. 12:00etan, plazan, Euskal Herriko El Tenderete taldearen Basoko ipuin ttipiak lana.

  • TOLOSA
    Uztailak 11, larunbata. 12:00etan Trianguloan, Euskal Herriko El Tenderete taldearen Basoko ipuin ttipiak lana.
    Uztailak 18, larunbata. 19:00etan Plaza Berrian, Kataluniako Companya Encaixats taldearen El pequeño gran mundo de los hermanos Lambe lana.
    Uztailak 25, larunbata. 20:00etan Zerkausian, Kataluniako CompanyaMicrocirc taldearen Buscando el Norte lana.

  • ZIZURKIL
    Uztailak 11, larunbata. 19:00etan plazan , Euskal Herriko El Tenderete taldearen Basoko ipuin ttipiak lana.

  • IBARRA
    Uztailak 17, ostirala. 19:00etan, plazan, Kataluniako Companya Encaixats taldearen El pequeño gran mundo de los hermanos Lambe.  
    Uztailak 24, ostirala. 10:00etan, plazan, Kataluniako Companya Microcirc taldearen Buscando el Norte lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!