Tolosak jokatuko du Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala

Asier Imaz 2015eko ekainaren 27a

Finalerdietako itzulerako partidan 2-1 irabazi dio Tolosak Zizurkili. Kanporaketa 4-2ko emaitzarekin gainditu du.

Finalerdietako itzulerako partidak jokatu ziren atzo Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Kadeteetan erabakitzen zen kanporaketa, eta hor, tolosarrak jaun eta jabe izan ziren, 22-3 irabaziz. Zizurkildarrek ez zuten beren eguna izan, eta presio handiarekin jokatu zuten partida. Ez zitzaien ezer atera Alberdi eta Arrateri. Partidako onena Morales izan zen. Tolosarren aurrelariak orain arteko partidarik borobilena jokatu zuen.

Jubeniletan joanekoan baina borroka gehiago egon zen, baina Beloki-Egiguren tolosarrek bikote handia osatzen dute, eta 22-13 irabazi zuten.

Nagusietan Peñak jokatu zuen lesiotik irten berritan. Aurrelari tolosarrak beste maila bat dauka, eta partida gogortzea ekarri zuen horrek. Joanekoan 22-0 irabazi zuen Zizurkilek. Atzo, 22-13.

Azpeitia eta Astigarragaren arteko lehiatik aterako da bigarren finalista. Partida horiek igandean jokatuko dira. Oraingoz, azpeitiarrak dira aurretik, 2-1.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!