'Bedeinkatua izan dedilla sagardoaren graziya'

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2015ko eka. 29a, 09:30

Euskal arrantzaleek zabaldu ote zuten sagardoa Europako iparraldera? Zeintzuk dira sagardoaren gainbeheraren zergatiak?

Sagarraren jatorriaren inguruan ez dago erabateko adostasunik, baina Kaukasotik Europa guztira zabaldu zenaren iritziak indar handia du. Eta Europan, ardoa bezala maite omen zuten greziar eta erromatarrek sagarraren ardoa.

Zabalpenaren bide honetatik jarraiki, bada tesi bat, erromantikoa eta erakargarria izan daitekeena, baina ez dena ziurra: euskal arrantzaleek zabaldu zutela sagardoa Europako iparraldean eta Ternuan. Hau horrela, zor handia lukete bretoi eta normandiarrek gurekin, sagardoa baita hauen erregina. Inongo zalantzarik gabe segurua dena, Iberiar penintsulan Asturias eta Euskal Herrian hasi zirela sagarraren produkzioan, eta honen testigu dira 871. urteko dokumentuak.

Sagardo asko egiten zen mende luzeetan zehar Euskal Herrian eta protekzionismoak babesten zuen bertako produktua. Hala azaltzen digu 1329 urteko Tolosako dokumentu batek: «Tolosako herriak debekatu egiten du kanpotik sagardoa ekartzea bertakoa bukatu arte». Honen ildotik, Segurako idatzizko euskarriak ditugu: bertan, aukeraturiko 12 gizonezkok sagardo eta ardoari prezioa ezartzen zieten kalitatearen arabera, salmenta prezioaren puztu aldia ekiditeko.

Kontsumo aldetik babesten zen sagardoa eta baita legedi aldetik ere, XIV. mendeko legediak agertzen duen lez: «Heriotza zigorra kupela hausteagatik», «desterrua 5 sagasti apurtzeagatik», «isun gogorrak sagardoari ura nahasteagatik»… 100 maravediko isuna jartzen zen Tolosan 1335 urtean, azken ekintza hau egiteagatik.

Sagardoaren gainbehera

Gipuzkoara mugatu zen, denboraren poderioz, Euskal Herri guztian egiten zen jarduera. Arrazoi ezberdinak izan daitezke tarteko.

Batetik, bestelako produkzioak sartu ziren sagastiak ordezkatuz. XVI. mendean adibidez, arto asko landatu zen ordu arte sagastiak ziren lekuetan. Gerra zibilaren ostean ere, 1939 urtetik aurrera pinu askoren landaketa masiboa burutu zen paper fabrikak martxan jartzearekin batera.

Bestetik, sagardoak prestigioa galtzea ere posible da. XVII. mendean sagardoa deabruaren edari kalifikatu zuen Bordeleko Pierre Lancre inkisidoreak, eta euskaldunon askatasun eta bekatuekin lotu. Adan eta Eva tentazioaren bidez, sagarra tarteko, atera zituzten paradisutik. Sagardoa, sagarraren zukua da eta Lancre aztoratu egin zen hainbeste sagasti ikusi eta sagardoa gizartean zein txertatuta zegoen egiaztatuta.

Zenbait datu

XX. mendeko egoeraren ondorena dugu gaur egungoa. 1920. urtean 30 milioi litro egiten baziren, 1967an miloi bat soilik. Gerrak zibilak eragina izan zuen, ez baitzen gizonen eskulanik sagarrak biltzeko, eta haur zein agureek aritu behar izan zuten, emakumeek nahikoa eta gehiegi izango zutelako bestelako dozenaka lanekin. Baina sagardogintzak jaso zuen kolperik handiena pinudien etorrerarekin izan zen. Orduko «Gipuzkoa lorategi handia», pinudi handi eta ilunean bilakatu zen. Azken bi hamarkada hauetan izan du gorakada, 8 milioietara iristeraino. Hala, 1950tik aurrera herri guneetako sagardotegiak ixten joan eta bestelako lokalei bidea ireki zitzaien, ohitura berriei erantzuteko: herritarrek ardo gehiago eta garagardoa kontsumitzen hasi ziren.



 

Sagardoari

Bedenikatua izan dedilla

sagardoaren graziya,

bai eta ere kupira gabe

eraten duben guziya;

erari onek gizon askori

ematen dio biziya,

au eran gabe egotia da

neretzat penitentziya.

Ramon Artola-k ipiñiak Donostian, 1860'garren urtean.



 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!