Tolosako Alde Zaharreko azken sagardotegia bizirik da txotxik ez bada ere

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2015ko eka. 29a, 09:30

28 sagardotegi omen zeuden Tolosan duela mende inguru. Letxu kaleko Txaparro horietako adibidea da, Xabier Garikanok pareta artean bizitakoen testigantza luzatu du.

Xabier Garikanorekin (Tolosa, 1931) berriketan aritu gara ogitartekoa hartu eta 1971 urtean itxi zen sagardotegiaren kupelen artean. Gerra kontuei, euskarari, Inauteriei zein San Ferminei… baina batez ere Txaparro izeneko sagardotegi haren hormek ikusitakoari Xabier Garikanok hitzak jarri dizkio. Hitzen eta istorioen jostun baita bera, tertulia zale peto-petoa.

Letxu kalean aurkitzen den etxebizitza batean jaio zen bere aita. Honen patioan aurkitzen da Txaparro sagardotegia, Tolosako sagardogintzaren historiako azken aztarna. «Txaparro» bola jokuko ezkerraldean aurkitzen den bolo txiki bakartia omen da, sagardotegiko martxa ematen zuen bere osaba «mutil-zaharraren» ezizena. Egurrezko hamar bat kupela zahar eta mahai handi bat, sartu eta berehala urtetan atzera egiten dugu ume garaiko pelikula haren tankeran. Horrelako 28 sagardotegi izan zirela bere aitaren esanetan: Errementari kalean, Plaza Berrian —batzuk—, Agustin-enean, Rondillan, Kale Nagusian eta Korreo artean…


Gu egon ginen moduan elkartzen ziren egunero Alde Zaharreko langileak, kupelen bueltan aulki txikietan eserita. Bertan, arotz, igeltsero, errementari, hargin… tailer txiki ugari omen zeuden Alde Zaharrean eta atsedenalditxoa bertan egiten omen zuten.

Goizeko bederatzietan ireki, eguerdian itxi eta arratsaldez berriro irekitzen zen gaueko zortzi eta erdiak aldera ixteko. Bertan berriketan, txiste kontari edota behin edo behin baita bertsotan ere ibiltzen omen ziren, beti ere, sagardoaren indarrean. Janaria ekarri eta jan edanean gustura jendea. Ogitartekoa eraman eta sagardo basoak edan, trago bakoitza tiza batekin kupelean apuntatuaz, tak, tak…, ostera, denak ordaintzeko. Patata tortillak, kazolak, gazta… eta baita intxaurrak ere. Jaki hau esan eta segituan etorri zaio irribarrea: «Hemen ikaragarrizko gauza politte zan, intxaurrek jaten jendea eta tipo artista batek 20-30 zentimetro ingurun ilaran jarri ta ipurdikin hausten zitun, krak, krak, krak… hoi fenomenoa! Ordun ez zan kaskanuezesik, ordun hortzakin eo hankakin txikitzen genitun».

Ordaindu gabe sagardoa edateko artea zuen hark, baina bazen bestelako trikimailurik sagardo basoak debalde ateratzeko: «Leku guztitan bezala ordun de bazien gorrones, jendeak gonbidatu zain eoten zianak, ta bestetik, tokan jolasten zan. Galtzen zunak ordaintzen zien beste guztiei. Ta bazan beti galtzen zun bat, Jakas, ta hari esaten zioten: Jokatuko diau?».


Txotxik ez zela dio Tolosan behintzat, garai haietan. Grifoa zutela kupelek eta hura bukatu arte handik aritzen omen ziren edanean. Emakumeak ere sartzen ziren, baina sagardo botila bete eta etxerako eramateko soilik, edota bertan lanean, basoak betetzen. Ezkongabeen tenplu omen ziren batik bat garai haietako sagardotegiak eta giro honetatik sortu gaurko elkarteak: «Bakizu nola sortu ziran soziedadek? Soziedadea mutilzaharrismo da. Mutil zaharrak sagardotegin ta ibiltzen zian ta hemen ibili beharrean hartuko deu denda bat ta sukaldea jarriko diogu. Beraiek biltzeko gune bat. Hortik sortu zian soziedadeak».

Mozkorra kalean ikustea gaur baino arruntagoa zela komentatzen digu Garikanok, gaur ia ez dela horrelakorik ikusten. Garai haietan egunero: «Jesukriston balantzak eginez ibiltzen zan jendea».

Jendea gaur gehiago zaintzen dela dio, beste modu batera bizi gara. Sagardotegiak ere izugarrizko aldaketa izan dute bere hitzetan: «Oain sagardotegik bodegak bezala dituk, restaurantek». Bera ere gustura izaten da txotxaren soinuan, hori bai, orain tente, zutik jaten du: «Tente baldin bahao ta pixkat ibiltzen baldin bahaiz, askozaz hobeto eote haiz». Eta oraingo kontakizunetik egin digu salto berriro ere guretzat urrutikoa diren garai haietara, baina berak oso gordeta dituen oroitzapenetara. «Leheno jendek iten zian pixa gainean edota kupelen ingurun edozein txokotan. Ta nire aitak esan zian: hau moztu behar diat ba nik! Hemendik aurrea zulo hontara pixa denak. Ta jarri zian hari bat indarrana, 110 hoitako bat, ta jendea pixa iten hasten huan ta la ospa! Kalanbrea!, jota seitun moztu zin: bakizuen nun pixa in behar dan, hemen».

Baina ateak itxi zituen azken sagardotegia izan zen, 1971 urtean. «Guk ekartzen genun sagarra hemengo baserri guztitatik: Belauntzatik, Ibarrako Monpoidotik… etortzen zian gurdi karroan idikin ta ekartzen zituzten zakutan sagarrak. Baina gero zer gertatu zan? Sagarra baserritan bukatu in zan, jada ez zeon. Ta ekarri behar izaten genun Logroñotik kamioian, garestiago, noski. Kamioia ez zan sartzen Letxu kalen, hemen, udaletxeko hortaino sartzen zan. Handik hartu ta ekarri behar izaten zian ta geo sagardotegik pixkanaka ixten joan zian. Sagardotegiak itxi eta taberna gehiago irikitzen hasi zian ordun. Sagardo gutxiago edan ta ardo zein garagardo gehio edaten».

Orain hutsik daude kupelak, ez da barre algararik entzuten, nahiz eta Errege Egunean familia guztia bertan elkartu bazkaltzeko. Inauterietan ere, kuadrillakoak bertan biltzen zirela dio, baina hori ere jada historiara igaroko dela dio, penaz. Hala ere, ilusio handiarekin goraipatzen du, iaz eta baita iragan asteburuan ere Tolosa Gourmetek eskualdeko sagardogileekin buruturiko sagardo dastaketa.


Egiazko istorio eta ipuinen maisu dugu Xabier Garikano, eta Tolosako historiaren parte Txaparro. Ikusiko ote ditugu inoiz bertako kupelak beteta? Mantenduko al du Tolosako herriak honelako altxor bizia? Edota interneteko informazioarekin oroituko dugu honelako txoko berezia?

Bertakoentzako txoko kuttun bihurtu daiteke, niretzako jada hala den bezala. Turistak erakartzeko ez da askotan izugarrizko ideia edo makro-museorik behar, nahikoa izaten da duguna mantendu eta bizia ematea.

 

TOLOSALDEKO SAGARDOTEGIAK SAGARDOZALEEN HITZETAN:

ABURUZA (Aduna)

«Urte guztian txotx egitearen plazeraz gozatzeko tenplua».

BEGIRISTAIN (Ikaztegieta)

«Ukuilu izan eta behi artean jaten zenaren istorioek xarmagarri bilakatzen duten sagardotegi elegantea».

EGUZKITZA (Tolosa)

«Autorik hartu gabe txotx egiteko aukera askorentzat, kalitateaz gozatzeko parada guztiontzat».

ISASTEGI (Tolosa)

«Beti jator hartuko zaituzten sagardotegi bikaina. Kupelen dantzan jendea ezagutzeko plaza».

OTAZU (Leaburu)

«Txikia baina ez eskasa, ezezagun izatetik ezagunago izatea merezi duen betiko sagardotegia».

GOIKOETXEA (Lizartza)

«Lagunarteko txokotik sagardotegi bilakatua, afizionatu izatetik profesional bihurtua».

SARASOLA (Asteasu)

«Garai bateko sagardotegietara hegan egiteko tokia. Giro aparta eta kupela ugari. Txirrita bakarrik botatzen da faltan…».

ZABALA (Aduna)

«Sagardoaren kalitatea bermaturik dagoen txoko kuttuna. Belaunaldiz-belaunaldi esperientzia pilatzen doan kupel festa»

ZALBIDE (Abaltzisketa)

«Sardinzar tortilla eta arraina parrillan jateko aukera ematen dizun bakarra Tolosaldean, behin joan eta berriz bueltan».



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!