Lau t’erdiko finalen txanda

Asier Imaz 2015ko eka. 23a, 16:51

San Joan Sariko azken partidak bihar jokatuko dira Tolosako Beotibarren, 17:30ean.

San Joan Pilota Txapelketaren finalak gaur jokatuko dira Tolosako Beotibarren. Kadeteetan, promesetan eta elite mailan neurtuko dira pilotariak, lau t’erdiaren barruan. Sei pilotariren artean, eskualdekoa bakarra izango da: Beñat Urretabizkaia. Ikaztegietarrak nagusien mailako finala jokatuko du, Santxoren aurka.
«Hasieran helburua aurreneko partida irabaztea zen, eta begira, partidaz partida finalera iritsi naiz», zioen Urretabizkaiak, finalaz galdetuta. Txapelketan egote hutsak harritu zuen ikaztegietarra, baina aukera aprobetxatu eta maila handiko pilotaria dela erakutsi du, txapelaren lehian sartuz. Orain gozatzera irtengo dela dio: «Santxo puntako pilotaria da. Txapelketa guztietan finalera edo finalerdietara iristen da, eta irabazi eta irabazi dabil azken aldian. Ez da erraza izango; gogorra izango da». Egin beharreko jokoari buruz, partida gogortzen saiatuko dela dio Urretabizkaiak: «Santxo mutil indartsua da, eta pilota ondo mugitzen duena. Ni eusten eta partida gogortzen saiatuko naiz; ea tantoa amaitzen nola moldatzen naizen». Txapelketak ezustean harrapatzetik finalera, eta finala ondoren, parranda batekin ospatzera.


San Joan Sariaren berezitasuna lau t’erdiaren barruan jokatzearena da. Pilotari gazteentzat ez da ohikoa kaiolan jokatzea, eta Beñat Urretabizkaiak egokitze lan horretaz hitz egin du: «Normalean urte osoan binaka jokatzen ibiltzen gara, eta lau t’erdian jokatzeko egokitu egin behar izaten da. Albizturko Xabi Telletxea laguna dut, eta berarekin aritu naiz entrenatzen. Ondo etorri zait neurria hartzeko, eta oso gustura nago txapelketarekin».


Azken orduko aldaketa
Kadeteetan Aginako Arangurenek eta Ataungo Zubizarretak jokatuko dute finala. Azken hau da faboritoa, baina aginarrak txapelketa bikaina egin du, atzelaria izan arren, lau t’erdira bikain egokitu dela erakutsiz.
Promesetan Lasok Errandonearen aurka jokatu behar zuen finala, baina azken horrek izan duen lesioa medio, Mitxelenak jokatuko du finala. Partida gogorra aurreikusten da, nahiz eta Lasoren kalitateak zeresana izango duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!