Betor eguzkiaren aroa!

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 22a, 10:00

Iritsi da uda edo ia. Asteburu honetan udako solstizioa iritsiko da. Jatorri paganoko ospakizuna da oinarrian, Kristo aurreko erritualetatik gaurdaino iritsi dena, baina hau ere eliza katolikoak bereganatu zuen. Ez du lortu ordea, errituen zentzua desagerraraztea.

Udako solstizioaren inguruan badira urteetan, mendez mende, ahoz aho pasa diren hainbat sinesmen eta ohitura. Festa paganoa zen, negua atzean utzi eta uzta oparoa ekarriko zuen eguzkiaren aroari, udari, ongietorria emateko festa. Baina elizak kristautu zuen eta udako solstizioa San Joan jaiak izatera pasa zen. San Agustinen ondorengo lerroek adierazten dute hori: Guk ospatzen dugu egun hau, ez, sinesgabeek egiten duten bezala, Eguzkiagatik, Eguzkia egin duenagatik baizik.

Sinesgabeek dio San Agustinek, baina 'sinesgabe' horiek beste zerbaitetan sinesten zuten, naturan, ama lurran. Izan ere, Aita Barandiaranek bere idazlanetan erakutsi bezala, antzinako Euskal Herriko biztanleek naturaren elementuak gurtzen zituzten.

Naturaren aldiak

Urtea bitan banatzen da, negua eta uda. Negua garai hotz eta iluna dela esan ohi da, eta loarekin eta ilargiarekin lotzen da. Uda berriz, beroarekin, argiarekin eta ernaltzearekin lotzen da. Ekiarekin, eguzkiarekin, alegia.

Udako solstizioa, ekainaren 21tik udazkeneko ekinozioa iritsi bitarte, irailaren 22a arte, eguzkia gorenera iritsi dela adierazten duen aroa da. Herritarren artean hala ere, Sanjoanak bezala da ezagunagoa udako solstizioa, elizaren arrastoa ezin atzean utzita.

Euskal tradizio zaharren arabera, San Joan jaietan eguzkiak goia jotzen du, eta ekaina hilabeteak ere hori iragartzen du: eki + gaina; Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentua.


San Joan sua

Udako solstizioaren elementurik ezagunena egun, sua da, San Joan sua. Suak, hala ere, neguko solstizioarekin ere badu zerikusia. Izan ere, oinarrizko lau elementuak —ura, sua, lurra eta haizea- oso presente daude euskaldunon sinbologian. Suarekin biziaren, Ekiaren, momenturik gorienak adierazten omen dira, baina elementu hori goraipatzeak atzean utzi ditu beste batzuk. Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarrak udako solstizioko pizgarri jotzen ditu sua eta ura gurgarri paganoak eta landare mundua —zuhaitzaren gurtza-, Udako Solstizioa, San Juan bezpera liburuan. Alkizan bizi den Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak bere aldetik, sua gailendu eta ura atzean utzi izanaz hitz egin du datozen orrietan bildutako elkarrizketan. Antropologoak dio emetasunarekin duela lotura urak, ugalkortasunarekin, baina urteetan hori baztertu, eta suari egin zaiola lekua, maskulinitatearekin lotutako elementuari, hain zuzen.

Tradizioak dio San Joan suak ezaugarri sendagarriak dituela, baina ez al ditu ezaugarri sendagarriak urak? «Urak ugalkortasuna adierazten du, lasaitasuna, bizitza, azken finean. Eta ezaugarri sendagarriak ditu ere. Interesgarria izango litzateke aztertzea zergatik baztertu den udako solstizioaren ospakizunetatik», esan du Fernandez de Larrinoak.


Eztabaidak eztabaida, baserrietan ez ezik, kalean ere suaren ospakizuna mantendu da urtez urte. Tolosan, esaterako, XIX. mendeko egitarau batean azaltzen da, suak piztuko dituztela santuaren irudi aurrean.

Leku batean edo bestean, herriz herri mantendu da su horren gainetik jauzi egiteko ohitura, kontu txarrak atzean uzteko asmoz, eta oso maskulinotzat jotzen den ezaugarria, ausardia, agerian uzteko. Larrañaga etnografoak garbiketarako ezaugarria nabarmentzen zuen —Udako Solstizioa, San Juan bezpera liburua— jauzi egin aurretik dauden «adore, irrika edo eskari egoerak» aipatuz: «Berau eskari bat da; hain zuzen, San Joan bezperako azken orduetan suaren inguruan egiten dena eta garrantzia handirik ez daukaten aldaketa batzurekin, sakonean kointziditzen duena». Ke horrek, Ekiarekin batera, azaleko hainbat gaitz sendatzea ahalbidetzen du, gainera.

Ez da sinesmen bakarra. San Joan eguneko goizean ihintzak bustitako belardi edo soroetan oinutsik ibiltzea ere ezaugarri sendagarriak dituela uste izan da.

San Joan suaren, hau da, San Joan bezperaren, eta San Joan Egunaren, inguruan gainera, bestelako erritual batzuk ere zabaldu izan dira. Anoetan, adibidez, ekainaren 23an, oilasko jokoa egiten zuten arratsaldean, herriko plazan eta gero, aurreskua dantzatzen zuten. Elduainen oso goiz irteten ziren San Joan goizean lizar edo gorosti bila, horiek etxe atarian jartzeko eta etxea babesteko.

Sorginen eragina ere ezin aipatu gabe utzi. Ekainaren 23ko gauean ohikoak dira honen inguruko kondaira eta mitoak. Sorginak uxatzeko soroetan zintzarria joz ibiltzeko ohitura bazegoen edo elizetako ezkilak jotzea. Mari da euskal mitologiako jainkosa nagusia eta hau gurtu izan da herri askotan gau horretan. Herritarrak inguruko kobazuloren batean bildu eta bertako ospakizuna emakumerik zaharrenak gidatzen zuen.

San Joan jaien edo udako solstizioaren inguruan, beraz, ez da sinesmenik eta ohiturarik falta. Erritualak asko eta askotarikok dira; batzuk erlijioarekin izango dute lotura eta beste batzuk bestelako sinesmen batzuekin. Baina funtsean emozioekin dute zerikusia, eta aurten ere herriz herri piztuko diren San Joan suetan bakoitzak bere erritua beteko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!