«Gure gizartean sua nagusitu da; gerra sinboloa, gizarte maskulinoek hartutakoa»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 19a, 20:09

Alkizan bizi den Kepa Fernandez de Larrinoa (Bilbo, 1958) antropologoak errituek gizakiarengan duten garrantziaz hitz egin du udako solstizioa aztertzerakoan. Suaren, uraren eta landareen inguruko errituak dira nagusi garai honetan, baina sua nagusitu dela dio, maskulinotasunaren errepresentazioa, emetasunaren adierazle den ura baztertu den bitartean.

Ospakizunak herriaren balore tradizionalen errepresentazioa direla esan ohi da, eta udako solstizioa ere hor kokatu genezake, kasu honetan, suaren, uraren eta landareen inguruko errituekin, baina zer da erritua? Zer garrantzia du gizakiarengan?

Egitura zehatz bat duen eta errepikatzen den ekintza da erritua. Denbora finko batean egiten da, errepikakorra da eta oso identifikagarria den egitura bat du. Errituak pertsonaren biologiaren araberakoak edo gizakia munduan kokatu eta aldaketen berri emateko egiten dira.

Pertsonaren biologiaren arabera erritu kolektiboak egiten ditugu; jaiotzean, koxkortzean, nerabezarora iristean, ezkontzean, alarguntzean, hiltzean... Aldaketa biologikoak ematen direnean errituak egiten ditugu.

Bestalde, gizakia munduan jarrita, harreman horretan, aldaketen berri emateko ere errituak egiten ditugu; errepikakorrak, egitura dutenak eta momentu berezietan egiten direnak. Eguzkiaren edo ilargiaren arabera, indarrak aldakorrak direnean, egiten dira. Eguzkiaren eta ilargiaren indarren berri ematen da horiei esker.

Eguzkia eta ilargia, negua eta uda... Naturaren erritmoaren berri ematen da hortaz, erritu hauetan.

Hor ikusten dena da neguan natura hilda dagoela, lotara etorri dela, bere barnera, eta udaberrian esnatzen dela. Udaberrian naturak indarra hartzen du, eguzkia ateratzen da, emankortasuna dator eta uzta biltzen da. Natura, nekazaritzaren ikuspuntutik begiratuta, batez ere, erritmo horretan dago; naturaren erritmoetan eta pertsonaren erritmoetan.

Denbora adierazteko modu bat dira.

Ikusmolde zikliko bat da, non denbora zirkularra den, bilakaera bat. Urtero egitean denboraren berri ematen duzu, denbora markatzen duzu; errituen arabera denboraren kontzientzia sortzen duzu. Erritoek denbora antolatzeko balio dute, denbora igarotzen dela konturatzeko.

Udako solstizioaren errituen barruan zein paper betetzen du suak, San Joan suak, alegia?

Errituen barruan bizitza bat dago eta sanjoanei dagokienez sua asko aipatzen da, baina badaude ezkutuagoan dauden beste elementu batzuk ere: ura eta landareak. Zuhaitzak edo enborrak erretzen dira, edo plazan zutitu... erritu desberdinak daude. Suari besteei baino indar gehiago ematen zaio gaur egun, baina zergatik?

Suak herri indoeuropearrekin du lotura; jupiter, jueves, thursday —Thor jainkoa—... Gerlariekin, guduarekin, zerikusia duen elementua da, maskulinoa. Hemen ordea, astea antolatzeko ilargia erabili izan da; astelehena, asteartea, igandea. Feminitatea goraipatu izan da.

Feminitatearen elementua ura da; ihintza, iturriak... Gauza guzti horiek sendatzeko balio dute, San Joan suaz sendagarria dela esaten da ere, baina bustitzea edo belar gainean etzatea ez da mingarria, eskua sutan jartzea ordea, bai. Baina erritu horiek baztertu dira edo zentzua kendu. Guk San Joan egunero egiten dugu egia esan, egunero bustitzen gara, ez dugu eskua erretzen, baina bai bustitzen garela. Erritu hori eguneratu dugu zentzu horretan. Ideia horrekin denboraldi bat utzi eta beste bat hasten dugu. Eguzkia eta ura zentzu horretan aipatzen ditut, ugalkortasuna, bizitza, dira.

Interesgarria da nola gure gizartean nagusitu den sua. Gerrarekin zerikusia duen sinboloa da, gizarte maskulinoek hartutakoa. Basoari, ihintzari lotutako horiek baztertu egin dira, sentsualagoak dira... eta baztertu dira. Erretzea, hiltzearekin du harremana, urarekin kontaktua, aldiz ez da mingarria.

Sua eta ura aipatu dituzu, eta landareak?

Landareek, zuhaitzek kasu honetan, energia kosmikoko jarraikortasun hori erakusten dute, eta batzuk bereziak dira, hostoa hor dagoelako, ez direlako hiltzen. Solstizioetan aldaketa ematen da, urteko beste sasoi batean sartzen gara, anbiguoa, zer ekarriko duen jakiterik ez dago, eta horren aurrean konfiantza, segurtasun bat, nahi dugu, eta hori magia 'sinpatiko' horren bitartez lortzen dugu.

Eta sasoi berri horretan bai pertsona eta baita ingurua babesteko neurriak hartzen ditugu; suaren gainetik salto egiten dugu, etxe atarietan 'belar onak' jartzen ditugu, alorri zuria edo lizarra adibidez....

Zuhaitzari begiratuta leku askotan mozten duten zuhaitza edo adarra hostoa galtzen ez duena da; loaldia edo heriotza eta pizkundea badago, zentzu horretan, zuhaitzak hostoak beti berdeak baditu, zuhaitz hori nolabait esateko, ez da inoiz hiltzen eta beraz, sakratua da. Babesaren ideia hori hortik dator, datorren aldian zer gertatuko den ez dakigu, beraz, babesa bilatzen dugu.

Hau guztia sineskeria dela esan izan da.

Ihauteria bezala da, berez ihaute da. -keria hori horren kontra dagoen norbaitek jarritako zerbait da, elizak kasu honetan. Ez da hitz neutroa, marka darama. Hau sineste bat da, beste asko bezala, ez sineskeria. Sinesmen honetan bakoitzak nahi duena sinesten du, noski. Batetik, uraren eta gauaren garrantzia dago atzean, eta feminitate hori, ideologia hori, emankortasunaren garrantzia hori eta bestetik, beste sineste mota bat dago, eguzkiari begiratuta, kultura gerlariari begira.

Elizak festa paganoa bere egin zuen, sorginen figura sortu...

Kristautasunak lehendik zeuden errituak hartu eta bere egin zituen; ospakizunei santuen izenak jarri zizkien, ermitak jarri kobazuloak edota mendiak gurtzen ziren tokian... Bereganatu egin zuen ordura arte zegoen herri-jakinduria.

Eta sorginek zein pisu dute guzti honetan?

Sorginena muntaia bat izan zen. Estatua komunitate baten gainetik jarri nahi denean, hori -keria dela esaten du, errotik kendu behar dela esaten du. Hori beti egin izan du; lehen sorginak ziren eta orain terroristak. Sorginkeria zela esan eta ohitura batzuekin amaitu nahi izan zuen, baina sorginaren etimologikoki zor+egina da. Zortea ekartzen duena, zer etorriko den esaten duena, aztia edo... besterik ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!