Kargu hartzeak iruditan

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 13a, 20:59

Tolosaldeko udal ordezkari berriak izango direnak hautatzen ari dira gaur egunean zehar. 11 alkate berri izango dira eskualdean. Goiztiarrenak Alkizakoak izan dira, 8:00etan egin dute osoko bilkura.

Alkizako zazpi zinegotzietatik bik Tolosaldeko Hiru Tontorrak proban parte hartzekoak zirelako egin dute goizean goiz bilkura. Berazubira abiatu aurretik osatu dute udalbatza eta Jon Umerez, aurreko alkatea berretsi dute karguan.

 

Berrobin goizeko 9:00etan egin dute ohiko osoko bilkura. Iñigo Aiertza aukeratu dute alkate, duela lau urte bezala.

 

Leire Gordo da Lizartzako alkate berria. Goizean egin duten osoko bilkuran zazpi kidez osatutako udalbatza berria izendatu dute.

 

Olatz Peonek aginte makila hartu du Ibai Iriarteren eskutik, 12:00etan hasitako bilkura jendetsuan. Bederatzi zinegotzi izango ditu EAJk, EH Bilduko zazpi eta PSE-EEko batekin batera.

 

Hernialden, duela zortzi urtetik hona alkate izandako Igaro Baldak berritu du kargua. "Alkate gisa egingo dudan azken legealdia da", esan du Baldak. Zazpi zinegotzitatik bostek hartu dute kargua gaurko osoko bilkuran.

 

Bakarne Otegi alkateak Iker Otamendiren eskutik jaso du aginte makila. Alboan izan ditu Xabat Ibarguren, Miren Mendizabal eta Igor Urreta EH Bilduko zinegotziak, eta Patxi Ulanga, Belen Plaza eta Imanol Ormazabal, datozen lau urteetarako udalbatza osatuz.

 

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan Asteasu Batuzeko hautagaitzak zazpi zinegotzi eskuratu zituen eta  bi lortu zituen EAJk. Gaurko osoko bilkuran bere taldeko zinegotzien botoekin Pili Legarra aukeratu dute alkate. Beste lau urte jarraituko ditu karguan.

 

Iruran azken lau urteetan EH Bilduk gobernatu du. Orain aldaketa emango da eta EAJko Ana Leunda izango da alkate. Ainhoa Ugalderen eskutik jaso du alkate makila Leundak.

 

Leaburu-Txaraman Luixa Uzkudun izango da alkatea datozen lau urteetan. Herritarrei emandako babesa eskertu die, eta datozen lau urteetan. EH Bilduko lau hautetsiek egin dute bere alde eta Bide Berriak plataformako hiru hautetsiak abstentzioaren alde egin dute. 

 

Joxe Mari Luengo EH Bilduko hautagaiak errepikatuko du alkate bezala Zizurkilen. Sei zinegotzi izango ditu koalizio abertzaleak, lau alderdi jeltzaleak eta zinegotzi bakarra izango da sozialista. Encarna Gomezi zegokion EAJren laugarren eserlekua baina ez du kargurik hartu. Bere ordez, Jesus Mari Alkorta jeltzalea izango da aurrerantzean zinegotzi Zizurkilen.

 

Altzon Joseba Elduaien da alkate berria. EH Bildu bakarrik aurkeztu zen udal hauteskundeetara eta, beraz, koaliziokoak dira kargua hartu zuten zazpi zinegotziak.

 

Azkeneko lau urteetan Pello Estanga izan da Anoetako alkate eta kargu horretan jarraituko du datozen lau urteetan. Bost zinegotzi izango ditu EH Bilduk udalean eta lau EAJk. Gaur eguerdian egin dute udalbatza berria osatzeko osoko bilkura.

 

Orendainen EB Bildu bakarrik aurkeztu zen udal hauteskundeetara eta koalizioko kideek hartu dituzte bost zinegotzi karguak. Bigarren legealdia hasi du Gorka Egiak alkate moduan.

 

EH Bilduko Iñaki Amundarainek bigarren legealdia hasi du Amezketan. EH Bilduko bost zinegotzien babesa jaso du. Amezketa Auzolanean plataformak Jose Antonio Artola aurkeztu du alkategai eta bere bi zinegotzien babesa jaso du.

 

Bidania-Goiatzen Joxe Erramun Goikoetxea izendatu dute alkate. Bigarren legealdia hasi du alkate moduan. EH Bilduko lau zinegotzi izango dira udalbatzan eta Garai Berriak plataformako hiru zinegotzi.

 

Alegian EH Bilduko Unai Iraolak bigarren legealdia egingo du alkate karguan. EH Bilduk sei zinegotzi ditu udalbatzan eta EAJk hiru. Ikusi albistea

 

Adunan Josu Amilibia izendatu dute alkate, eta bere bigarrengo legealdia hasiko du. EH Bilduk ditu udalbatza berriko zazpi zinegotziak.

 

EAJko Iban Agirrek hartu du aginte makila Amasa-Villabonan. Alderdikideen botoak eskuratu ditu jeltzaleak eta beste hainbeste izan dira Nora Urbizu EH Bilduko hautagaiarentzat. Zuri bozkatu du Arija sozialistak eta, beraz, Agirre izango da alkate datozen lau urteetan. Albiste osatua hemen.

 

Gazteluko alkate berria Gari Aranzabal izango da. Denen ezusterako Udaberri taldeko hautetsi bakarrak EH Bilduren alkategaiaren alde bozkatu du. Datorren legealdian hortaz, lau zinegotzi izango ditu EH Bilduk eta Udaberri taldeak bat.

 

Orexan Eneko Maiozek errepikatuko du alkatetzan. Udaleko bost hautetsiak EH Bildu koalizioarenak izango dira. Osoko bilkura baino lehen, herritarrak Burdina taldeko kideekin batera berreskuratutako zentral hidroelektrikora joan dira bisitan.

 

Ibarrako "lemazain berria" Mikel Agirrezabala izango da. Jexux Peñagarikano alderdikideak pasa dio lekukoa. EH Bilduk 6 hautetsi lortu zituen hauteskundeetan eta EAJk 5. Hemen albiste osatua. Agirrezabalak koalizioaren babesa jaso du alkatetzarako.

 

Jon Zubizarreta izango da beste lau urtez, Abaltzisketako alkatea. Herritarrak zerrendako buru da Zubizarreta eta bere bigarren legealdia izango da alkate bezala. Zazpi zinegotziak ditu Herritarrak zerrendak.

 

Larraulen alkate berria dute gaurdanik: Aneli Urbieta. Arratsaldeko 18:00etan egin dute kargu hartzeko osoko bilkura. PSE-EEk zinegotzi bakarra eskuratu zuen. Zerrendako kide guztiek karguari uko egin eta gaur Felix Asensio sozialistak hartu du eserlekua. Ibarran, PSE-EEko zerrendaburu aurkeztu zen Asensio joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan.

 

Berastegin Amaia Azkue izango da alkatea datorren legealdia. Haritz Mujikak pasa dio lekukoa alderdikideari. EH Bilduk sei zinegotzi izango ditu eta hiru alderdi jeltzaleak.

 

Elduain izan da kargu hartzeko osoko bilkura egiten eskualdeko azken herria. Astelehen goizean bildu dira eta Jose Angel Urkizu izendatu dute alkate. EH Bilduk izango ditu bost zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!