Hunkiturik hartu du Ibarrako alkatetza Mikel Agirrezabalak

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 13a, 16:19

Ibarran ere espero bezala joan da kargu hartzearen osoko bilkura. EH Bilduk atera zituen boto gehien eta Mikel Agirrezabala izendatu dute alkate. Hunkituta hartu du ardura, lantalde guztia goraipatuz. EH Bilduko 6 hautetsiek Agirrezabalaren alde egin dute eta EAJko 5 hautetsiek Itziar Jauregi jeltzalearen alde.

Mikel Agirrezabalari orain arteko alkateak, Jexux Peñagarikanok, eman dio hitza, txalo artean. Peñagarikanok eskerrak eman nahi izan ditu agurtzeko eskainitako hitzetan. Lehenik eta behin, etxekoei eman die eskerrak, "askotan udaletxeko dardara etxera eramaten da, eta asko laguntzen du bertan babesa jasotzeak", esan du. Bigarrenik, azken lau urteetan lanean aritutako lantaldeari eskerrak eman dizkio eta oraingo legealdian errepikatuko duten zinegotziak ekarri ditu gogora. "Plazer bat izan da zuekin lan egitea", esan du. Herriko eragileei, udal langileei eta herritarrei ere eman die eskerrak, eta baita zinegotzi kargua lehen aldiz hartu dutenei ere, "hartu duten ardurarengatik, eskertzekoa da", esan du. "Plazerra izan da urte hauetan aurkitutako jende askorekin aritzea, jende gazte asko", gaineratu du.

Txalo zaparrada artean eman dio hitza "lemazain berriari", Mikel Agirrezabalari. Elkar besarkatu eta hunkituta egin ditu lehen hitzak Agirrezabalak. "Lehenik eta behin eskerrik asko ibartarrei gure taldeari adierazitako babesarengatik. Duela lau urte ez nuen imajinatu ere egingo horrelako ardura  hartuko nuenik, eta hemen nago. Lau urte hauek oso emankorrak izan dira, asko ikasi dut eta ikasten jarraituko dut. Hiru urteko goi ikasketak egin ditut, baina ikasketarik emankorrena hau izan da. Aurreko lau urteetako talde ikaragarria nabarmendu nahi dut, ezagun moduan hasi eta lagun moduan bukatu dugu eta hori oso polita da. Hiru pertsona berri ditugu orain eta lantalde polita osatzen dugu", esan du. "Udalaren ateak zabaldu ditugu, horrela jarraituko dute, baina beste pauso bat eman behar dugu legealdi honetan", gaineratu du. Bukatzeko, "gaur hemen ez daudenak" ekarri nahi izan ditu gogora alkate berriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!