Tolosa, Ibarra eta Alegiako EH Bilduk babesa eskertu dute

Ataria 2015ko eka. 3a, 09:11

Ibarran eta Alegian alkatetzak lortu ditu; Tolosako emaitza «ona» dela esan dute

Ibarran eta Alegian EH Bilduk jaso zituen pasa den maiatzaren 24an boto gehien, eta bi herrietako koalizioek herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete jasotako babesarengatik. Indar gutxiagorekin bada ere —Ibarran 2 hautetsi galdu dituzte eta Alegian 1— alkatetzan jarraituko dute, hortaz, datorren legealdian.

Ibarrako EH Bilduk botoa eman dieten herritarrei eskerrak ematearekin batera, lau urte hauetan «Ibarra hobea eta justuago baten alde lan egin duten herritar eta eragile guztiak» ere gogoan izan nahi izan ditu. «Herritarren aldetik botoen bidez jaso dugun sostenguak legitimitatea eta indarra ematen dizkigu datozen lau urteetan Ibarra gobernatzen jarraitzeko. Horrela, agintaldi berri honetan, aukera izango dugu orain arteko irizpide eta lan ildoetan sakondu eta martxan jarrita dauden proiektuak bukatzeko, eta horretan ahaleginduko gara buru-belarri», esan du. Bukatzeko lana ez duela EH Bilduk bakarrik egin esan du, eta «orain arte bezala, ongi etorriak izango dira herritar eta eragileen ekarpenak eta parte hartzea», gaineratu du.

Alegiako EH Bilduk ere jasotako babesa eskertu du. Era berean, Ibarran egin bezala, aurreko lau urteetan «Alegia justu eta hobeago baten alde lan egin duten guztiei» eskerrak eman dizkie. «Botoen bidez herritarren aldetik jaso dugun sostenguarekin pozik gaude eta datozen lau urteetan Alegia gobernatzen jarraitzeko legitimitatearekin sentitzen gara. Asko baloratzen dugu alegiar konprometituz osatutako zerrenda batek herritarren aldetik jaso duen babesa», gaineratu du.

Horiek horrela, datozen lau urteetan aurretik landutako gaiak eta lan egiteko moduarekin jarraituko dutela esan dute. Era berean, udaletxeko ateak zabalik daudela esan dute eta gustura hartuko dituztela herritarren ekarpenak eta parte hartzea.

Tolosako emaitzak

Tolosan EH Bilduk 3.779 boto lortu zituen hauteskundeetan, eta alkatetza galdu du. Koalizioak hala ere, «emaitzak onak» direla esan du; «jasotako botoak 'onak' kontsideratu behar dira, 2011ko lurzorua mantendu ahal izan delako. Aurreikusitako emaitzak lortu ez badira ere, lortu den babes maila ez da txarra, eta, batez ere, ez da galera handirik eman, nahiz eta begi-bistakoa den lehen indarra izan eta alkatetza lortzea, helburu gisa jarri genuena, ez dugula lortu». Hori dela eta, EH Bilduk jasotako babesa eskertu du.

Emaitzen zergatia baloratzerakoan, Tolosaz haratago, Gipuzkoa osoan eman den «mugimendu edo olatu handiaren ondorioa pairatu izana» nabarmendu du: «Zerrendaz haratago, siglak izan dira hauteskunde hauetako lehiakide. Eta ikusi denez, Eusko Alderdi Jeltzalea hainbat lekutan gailendu da, perfil ezberdineko botoak jaso izan dituelako».

Emaitzak emaitza orain lau urteko «ilusio eta gogo berarekin» egingo duela aurrera esan du koalizioak. «Hori honela izanik, datozen egun, aste eta hilabeteetan, elkarte, foro eta mugimendu ezberdinekin biltzen jarraituko dugu, emakume eta gizon ezberdinen kezka, nahi eta iradokizunak ezagutzeko asmoarekin», gaineratu du. Eta datozen lau urteetan ere tolosarren «ongizatea hobetzen jarraituko duen gizarte bat eraikitzeko asmoz» lan egingo duela esan du, «tolosarrekin batera, elkarlanean oinarriturik». Balorazio sakonagoa bat ere egin nahi du, hala ere, Tolosako EHBilduk eta horregatik datorren asteartean, ekainak 9, batzarra egingo dute 19:30ean, kultur etxean. «Bertan, entzun eta konpartitu egingo ditugu kezkak eta aurrera begira bidea marrazten jarraituko dugu. EHBilduko kide guztioi parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu», esan du Tolosako EH Bilduk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!