Eredu berri baten alde, Villabona, Irura eta Anoetan

Ataria 2015ko eka. 3a, 09:10

Hiru herrietan EAJk herritarrei eskerrak eman dizkie; Villabona eta Iruran lortu ditu alkatetzak

Ekainaren 13an herriz herri egingo diren osoko bilkuretan udal gobernu berriek hartuko dute agintea. Amasa-Villabonan eta Iruran alkate berriak izango dira, Iban Agirrre eta Ana Leunda jeltzaleak, hurrenez hurren. Eta hori dela eta herritarrei eskerrak eman dizkiete.

Villabonako EAJren alkategaiak, Iban Agirrek, eskerrak eman die billabonatarrei hautagaitza jeltzaleari emandako babesagatik. «1.287 herritarrek adierazi diguten konfiantza bultzada ikaragarria da guretzat». Ildo horretan, Agirrek adierazi du, billabonatarrek aldaketaren aldeko apustua egin dutela, «gobernatzeko beste eredu baten alde». Horregatik, «gure eredua inposaketarik gabea izatea nahi dugu».

Aurreratu du bere taldearekin lanean hasi dela eta datorren astean udalean ordezkaritza lortu duten beste bi alderdiekin biltzeko asmoa dutela. «Gure programetan dauden adostasunak identifikatu eta hortik hasi nahi dugu lanean, denon artean eta denontzako lan egiten», gaineratu du.

«Villabonako garapen ekonomikoa lehenetsi eta billabonatarrekin batera proiektu partekatu baten aldeko apustua egiten duen udaletxea nahi dugula adierazi genuen eta kanpainan zehar gure 10 konpromisoak aurkeztu genituen. Horiek izango dira gure ardatzak udalgintza lanetan, beti ere herritar guztien ongizatearen alde», azpimarratu du.

Irurako EAJren alkategai Ana Leundak ere eskerrak eman die irurarrei hautagaitza jeltzaleari emandako babesagatik: «Herritarrak adierazi diguten konfiantza bultzada ikaragarria da guretzat. Iruraren garapen ekonomikoa lehenetsiko eta irurarrekin batera proiektu partekatu baten aldeko apustua egiten duen udaletxea nahi dugula adierazi genuen eta kanpainan zehar gure konpromisoak aurkeztu ditugu. Horiek izango dira gure ardatzak udalgintza lanetan, beti ere irurar guztien ongizatearen alde».

Anoetan EAJk jasotako botoak bikoiztu zituen maiatzaren 24an, baina ez da nahikoa izan alkatetza lortzeko. Kepa de la Iglesia alkatetzarako hautagaiak hala ere, eskerrak eman nahi izan die alderdiaren, zinegotzi taldearen eta bere izenean, hauteskundeetan hautagaitza jeltzalearengan konfiantza jarri duten 445 anoetarrei: «Bikoiztu egin ditugu bai botoak eta baita zinegotziak ere. Herritarrak adierazi diguten konfiantza bultzada ikaragarria da guretzat, eta esan nahi diegu datozen lau urte hauetan herritarren eta herriaren alde lanean ariko garela. Anoetarrek badakite zeintzuk diren gure konpromisoak eta horiek izango dira gure ardatzak udalgintza lanetan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!